Koronabirusa

Nafarroako Gobernuak aurten udalei 25 milioi euro ematea proposatu du, Covid-19ak ekarritako gastuak ordaintzeko

Ttipi-Ttapa 2020ko eka. 17a, 20:03

Dirulaguntzak udaletako gizarte-, hezkuntza-, kirol- eta garraio-zerbitzuetako finantzatzemendurako erabili ahal izanen dira.

Foru administrazioak emanen lukeen dirulaguntza horretatik, Ttipi-Ttaparen eremuko 25 udalen artean 1.545.090,82 euro hartuko ziren, betiere, Gobernuaren proposamena Parlamentuan onartuko balitz.

Covid-19ak eragindako beharrei aurre egin ahal izateko, urtea amaitu baino lehen Nafarroako udalen artean 25 milioi euro banatzea erabaki du Foru Gobernuak gaurko bileran. Horretarako, ordea, gaur onartu duen Foru Lege proposamenak Nafarroako Parlamentuaren oniritzia beharko du. 

Udalen jarduera ekonomikoa eta soziala suspertzeko, eta udal-zerbitzuak finantzatzeko

25 milioi euroko poltsa horretatik 15,5 milioi udalen ekonomia eta gizartea suspertzeko erabiliko lirateke, eta 9,5 milioi, berriz, udaletako gizarte-, hezkuntza-, kirol- eta garraio-zerbitzuek jasaten ari diren gastu handiagoak eta diru-sarrera ttikiagoak arintzeko. Hori bai, udalerri onuradunei gutienez % 15eko kofinantzaketa eskatzen zaie eginen dituzten inbertsioetan, eta inbertsio horiek egiteko epea 2021eko martxoaren 14tik irailaren 30era bitartekoa izanen da.

Era berean, Foru Gobernuak proposatutakoaren arabera, alarma-egoeraren ondorioz geldituta egon diren merkataritzari, turismoari eta ostalaritzari laguntzeko milioi bat euro bideratuko lirateke.

Dirulaguntza banatzeko irizpide gisa, batez ere, udalerri bakoitzak duen biztanle kopuruan oinarrituko litzateke.

Dirulaguntzaren proposamena  
Arano 21.709,96
Arantza 45.696,86
Areso 22.773,21
Baztan 375.992,58
Beintza-Labaien 22.257,65
Bera 167.401,45
Bertizarana 50.274,88
Donamaria 24.763,71
Doneztebe 95.468,25
Elgorriaga 22.345,54
Eratsun 21.846,89
Etxalar 49.026,42
Ezkurra 21.814,77
Goizueta 46.144,82
Igantzi 47.520,42
Ituren 45.206,65
Leitza 136.646,98
Lesaka 146.374,78
Oiz 21.762,36
Saldias 21.753,91
Sunbilla 47.733,15
Urdazubi 23.134,95
Urroz 22.097,06
Zubieta 22.969,29
Zugarramurdi 22.374,28
GUZTIRA 1.545.090,82

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun