Hilabete hauetan eskola presentzialak bertan behera geratu zirenetik zerbait argi geratu bada, eskolako jantokien garrantzia da, eguneroko otordu osoa ziurtatzen baitute. Gainera, ekonomia aktibatzen hasten den heinean, lanari ekiten hasiko da, eta eskolako jantokiak familia eta lana bateratzea errazten du kasu aunitzetan.
Orain, LAB sindikatuak dioenez, «datorren ikasturteko plangintzaren une batean gaude, eta, beraz, lehen errandakoari jantokia ikastetxeko bertze hezkuntza-eremu bat dela gehitzen badiogu, uste dugu eskola presentzialak berrabiarazteak ikasle guztientzako jantokiaren hasierarekin batera joan behar duela».
Hezkuntzan, «beste arlo batzuetan bezala, normaltasun berri batera bideratzen gara, non higienea, desinfekzioa eta jende asko biltzen den guneak saihestu behar diren une oro. Beraz, inplikatutako alderdi guztiok ekarpenak egin beharko ditugu behar berrietara egokitzeko, aipatutakoa errealitate izatea nahi badugu», LABen arabera.
«Gure abiapuntua –dio LABen idatziak– irailean ikastetxe guztiek ikastaroa jantokiarekin hastea da. Horretarako, espazioak planifikatu, txandak zabaldu, irakasleentzat finkatzen diren ratio berberak errespetatu eta protokolo berriak sortu beharko dira, gero ikastetxe bakoitzaren beharren arabera zehaztuko direnak».
Hori guztia jorratzeko, LABek eskatzen dio Hezkuntza Departamentuari «ikastetxeetako zuzendaritzei jakinarazteko beharrezkoa dela hezkuntza-komunitate osoarekin bilerak egitea, jantokiko langileekin batera, lan egiteko».
LABek aipatu duenez, «argi dagoena da elikadura oinarrizko eskubidea dela eta administrazioak bermatu behar duela. Horretarako, Nafarroako Gobernuak behar diren baliabideak eman beharko dizkie ikastetxe guztiei, eskolako jantokiek %100ean funtziona dezaten».