Koronabirusa

Larrialdi egoeraren ondotik maskara erabiltzen segitu beharko dugula adierazi du Espainiako Gobernuak

Ttipi-Ttapa 2020ko eka. 10a, 13:49

Metro eta erdiko distantzia mantendu ezin den eremuetan derrigorrezkoa izanen da maskara.

Espainiako Gobernuko Ministroen Kontseiluak ekainaren 21etik aitzinera normaltasun berria arautuko duen lege dekretua onartu zuen atzo. Maria Jesus Montero bozeramaileak adierazitakoaren arabera, alarma-egoera akituta ere, «txerto eraginkorren bat aurkitu arte birusa mehatxu izanen da».

Hori horrela, herritarrek enpresetan, ostalaritzan, garraio publikoan... neurriak zorrotz segitu behar dituztela jakinarazi zuten. Bertzeak bertze, jende pilaketak saihestu eta metro eta erdiko distantziak mantendu beharko dituzte. Tarte hori mantendu ezin denean, 100 eurora arteko isunak ezarri ditu dekretuak. Etxe berean bizi ez direnek autoetan ere maskara erabiltzen segitu beharko dute.

Toki itxietako gehienezko jende kopurua zehaztu gabe utzi du Espainiako Gobernuak baina gobernu autonomikoek mugatu dezakete.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun