Koronabirusa

Baimendu gabeko joan-etorriengatik hiru atxilotu eta 26 salaketa N-121-A errepidean

Ttipi-Ttapa 2020ko eka. 9a, 13:20

Mugikortasun debekua dela eta, Foruzainek eta Guardia Zibilek probintzien arteko kontrolak indartu dituzte, baita N-121-A (Iruñea-Behobia) errepideko zaintza arrunta ere. Kontrol horien ondorioz, 26 salaketa jarri dituzte azken egunotan justifikaziorik gabeko joan-etorriengatik, substantzia estupefazienteak atzemateagatik edota kontrol batetik ihesi joateagatik.

Trafikoaren arloko prebentzio-kontroletan, gidariek drogen testan positibo emateagatik zortzi ibilgailu immobilizatu dituztela jakitera eman du Foruzaingoak. Ageri denez, arau-hauste hagitz larriengatik, bakoitzari 1.000 € eta 6 puntuko isuna eman diete eta bertze sei gidariri substantzia estupefazienteak konfiskatu dizkiete. Gainera, bertze hamabi salaketa ere jarri dituzte zirkulazioko arau-hausteengatik eta bat asegururik gabe gidatzeagatik.

Esparru penalean hiru gidariren kontrako atestatuak instruitu dituzte. Lehena, Iruñeko epaitegi batek emandako atxilotze-agindua zuen emakume atzerritar batena; bigarrena, kamioi-gidari bat, bere kamioian marihuana aurkitu ziotenean berari drogak detektatzeko proba egiteari uko egin ziona; eta hirugarrena, desobedientzia larria egiteagatik, hiru aldiz saiatu baitzen Frantziatik Maroko alderat abiatua zena N-121-A errepidean barrena.

Salaketen artean Foruzaingoak nabarmentzen du Berako kontrol batetik ihesean aldegin zuen auto frantses batena. Elizondoko agenteek laguntza eskatu zieten bertze patruila batzuei, eta azkenean Altsasuko komisariako agenteek Leitzan atzeman zuten autoa. Barnean zeuden 4 gazte frantziarrei 16 salaketa jarri zizkieten: 7 salaketa Herritarren Segurtasunari buruzko Legearen aurkako arau-hausteengatik, 4.200 eurokoak (4, Frantziatik Malagara zihoazelako alarma-egoeran mugikortasuna ez errespetatzeagatik, eta 3 salaketa substantzia estupefazienteak eramateagatik) eta, azkenik bertze bederatzi salaketa trafikoko arau-hausteengatik, gidariaren droga-positiboa barne.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun