Koronabirusa

Nafarroatik inguruko erkidegoetara mugitzeko baimena berreskuratu nahi dute ekainaren 21a baino lehen

Ttipi-Ttapa 2020ko eka. 8a, 14:00

Erkidegoen arteko joan-etorriak baimentzeko alarma egoera bertan beheiti utzi beharko litzatekeela jakinarazi zuen Sanchezek.

Nafarroako Gobernuko presidente Maria Txibite «mugakide diren erkidegoekin elkarrizketa izan eta koordinazioan jardutearen» alde agertu zen atzo, Espainiako Gobernuko presidentearekin, Pedro Sanchezekin, izandako hamairugarren bileran.

Nabarmendu zuenez, Euskal Autonomia Erkidegoko, Errioxako eta Aragoiko presidenteekin harremanetan segituko du, «osasun baldintzek aukera ematen badute lurraldeen arteko mugikortasuna berreskuratzeko».

EAEko lehendakari Iñigo Urkulluk erkidego mugakideetako presidenteek (Kantabria, Nafarroa eta Errioxa) ekainaren 15erako euren arteko mugikortasuna adostu ahal izanen dutela adierazi zuen eta, mugaz gaindiko irekieraren alde agertu zen, «jarduera ekonomikoa bulkatzeko».

Txibite eta Urkulluren eskaeraren aitzinean, Sanchezek erkidegoen arteko joan-etorriak baimentzeko alarma egoera bertan beheiti uzteko eskatu beharko luketela adierazi zuen, eta «alarma egoera indargabetzearekin erkidegoen arteko joan-etorriak planteatu daitezkeela» argitu zuen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun