Koronabirusa

Zer egin daiteke Nafarroan 3. fasean?

Ttipi-Ttapa 2020ko eka. 6a, 09:00

Barran kontsumitzeko debekua gutienez bertze astebetez luzatuko da, izurritearen oraingo fasean gune itxi horietan distantziak mantentzea zaila dela kontsideratu baitu Foru Gobernuak.

Astelehenean, ekainaren 8an, konfinamendua arintzearen hirugarren fasean sartuko da Nafarroa eta Foru Gobernuak atzo ezagutzera eman zuenez, herrialdeari egokitutako hainbat berezitasun izanen ditu fase berri honek. Oraingoz, ezin izanen da erkidego mugakideetara joan-etorririk egin, ekainaren 22ra arte, ez eta Ipar Euskal Herrira ere, uztailaren 1era arte. Elkarte gastronomikoetan sartzeko debekua kenduko dute baina ostatu-tabernetako barretan kontsumitzeko debekua gutienez bertze astebetez luzatuko da.

Merkataritza

  • Txikizkako saltokiak, lokalak eta zerbitzu profesionaletako jarduerak ireki ahal izanen dituzte. Horietan erakusketarako eta salmentarako duten azalera erabilgarria edozein dela ere; edukiera-muga %50 izanen dute.
  • 65 urtetik gorakoentzat, lehentasunezko zerbitzu eta arreta ordutegia ezarriko da.
  • Azoka ttikien kasuan, baimendutako ohiko postuen erdia bermatuko da. Udalek horretako prestatua duten azalera handitu ahal izanen dute, edo jarduera hori egiteko egun gehiago finkatu.
  • Merkataritza-zentroei eremu komunak eta jolas-eremuak irekitzea onartuko zaie, baina eremu horien edukiera % 40ra mugatua izanen dute eta merkataritza-zentro horietako lokal eta saltokien edukiera % 50ean finkatuko da.

Ostalaritza

  • Aire zabaleko terrazen edukiera % 75era handituko da.
  • Tabernen barnean, baimendutako gehieneko edukieraren 2/3ra mugatuko da, eta mahaiak behar bezala bereizita egon beharko dute.
  • Barran kontsumitzeko debekua gutienez bertze astebetez luzatuko da, izurritearen oraingo fasean gune itxi horietan distantziak mantentzea zaila dela kontsideratzen baitu Foru Gobernuak.
  • Hotel eta ostatu turistikoetan, eremu komunak jendearentzat ireki ahal izanen dira, betiere edukieraren 2/3 baino gehiago ez badute.

Kultura eta aisialdirako jarduerak

  • Liburutegietan eta museoetan kultura-jarduerak egin daitezke, betiere baimendutako edukieraren % 50 gainditzen ez bada.
  • Bai ikuskizunak eskaintzeko zein bilerak egiteko, edukieraren %50a baimenduko da auditorioetan, zinemetan, antzokietan, karpa-zirkuetan eta eserlekuak dituzten espazioetan.
  • Aisialdiko zentro turistikoak ireki ahal izango dira, gehienez ere %50eko edukierarekin.
  • Kasinoak, joko-aretoak, jolas-aretoak, zozketak, tonbolak eta apustuak egiteko lokalak berriz ireki ahal izanen dituzte, betiere baimendutako edukieraren %50 gainditzen ez badute eta distantziak mantenduz.
  • Aire zabaleko ikuskizun eta kultur ekitaldietan gehienez ere 400 lagunendako tokia onartuko da, hau da, Estatuak modu orientagarrian aipatzen zituen 800 lagunen topearen erdia.

Kirol jarduerak eta pasealekuak

  • Gehieneko kopurua 15 lagunetik 20ra igoko da kirolari, mendi-ibilaldi, txangozale eta urtegi edo ibaiez gozatzeko taldeentzat.
  • Federatutako eta federatu gabeko kirol-jardueretarako ordutegi-mugak desagertuko dira.
  • Nafarroa osoan ibili ahal izanen da mendi-ibilaldiak egiteko (herrialdetik atera gabe), baina ez da inolako ordu-tarterik ezarriko.

Udalekuak eta udako jarduerak

  • Haur eta gazteentzako aisialdiko jarduerak aire zabalean egiten direnean, edukiera %50era mugatuko da eta gehienez ere 200 parte-hartzaileren izanen dituzte. Eta espazio itxietan eginez gero, gehieneko edukiera heren bat izanen da eta gehienez ere 80 parte-hartzaile.
  • Ludoteken, hiri-kanpalekuen, udako kanpalekuen edo antzekoen antolamendua ekain hondarrera atzeratzeko gomendioa egin du Foru Gobernuak.

Bainatzeko guneak eta igerilekuak

  • Udal-igerilekuen irekiera gutienez ekaineko azken astera arte atzeratzea gomendatzen du Foru Gobernuak, eta une bakoitzean indarrean dagoen araudia betetzea, hala nola osasun-agintariek eta/edo osasun publikoko agintariek adierazten dituzten oharrak eta/edo gomendioak.

Ekitaldi erlijiosoak eta sozialak

  • Aire zabaleko beilatokietan, edukiera 50 lagunetara mugatuko da gehienez, edo 25 lagunetara espazio itxietan, elkarrekin bizi edo ez.
  • Gehienez 50 lagun izanen dira, senitartekoen eta hurbilekoen artean, zendutako pertsona ehorzteko edo errausketa egiteko.
  • Edukiera % 75era mugatuko da gurtza-tokietako ekitaldietan.
  • Aire zabaleko ezkontza-zeremonien espazioetan edukiera %75ekoa izanen da, eta gehienez 150 pertsonakoa, eta 75 lagunekoa espazio itxietan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun