Joan den urteko neguko baso suteen aurkako kanpainaren hagitz bertzelakoa izan da aurtengoa. Lekutan daude joan den urtean Oronoz-Mugairiko suhiltzaileek eskualdean oihaneko suteak itzaltzeko egin behar izan zituzten 172 irteerak. Datu adierazgarriak utzi zituen iazko kanpainak eskualdean: 1.220 hektarea erre ziren eta gehienak kontrolik gabeko suak izan ziren. Hala, lau puntu nabarmendu zituen Jabier Ayarra Ullate Oronoz-Mugairiko suhiltzaileen parkeko sarjentuak: larreak garbitzetik haratago Europako Nekazaritza Politika Bateratutik (NPB-PAC) dirulaguntza jasotzeko helburua, min edo kalte egiteko intentzioa, suhiltzaileen gaitasunetik kanpo zeuden suak izatea eta suhiltzaileak arrisku egoeretan ibili izana. Eta eguraldiak ere ez zuen sobera lagundu.
Aurtengo kanpainan, ordea, datuek beheiti egin dute. Hala ere, Nafarroan osoan suhiltzaileek egin behar izan zituzten 153 ateraldietatik erdiak baino gehiago eskualdean egindakoak izan dira. Urtarrilaren 15etik apirilaren 30era, Oronoz-Mugairiko suhiltzaileek baso suteen 82 abisutara joan behar izan zuten.
Guztira 247 hektarea itzali dituzte suhiltzaileek eskualdean: 179 Ha Baztanen eta horietatik 31 urkiak, pagoak eta bertako haritza izan ziren; Malerrekan 27 hektarea itzali behar izan zituzten, eta horietatik lau zuhaiztiak. Bortzirietan 24 hektarea izan ziren, Zugarramurdin 17 eta Bertizaranan 0,5.
Jabier Ayarra Ullate Oronoz-Mugairiko suhiltzaileen parkeko sarjentuaren arabera, aurtengo kanpainako «sute adierazgarriena» otsailaren 22an Erratzuko Azkarate auzoan gertatutakoa izan zen: «48 hektarea sasi erre ziren». Baina hortik aparte, Baztanen, «Arizkunen, Erratzun eta Azpilkuetan arazo gehien izaten diren eremuetan suteak errepikatu» izana nabarmendu du Ayarrak. Ez hori bakarrik. Lekarozen eta Elbeten ere joera sumatu dutela adierazi du: «bereziki Bagordin zuhaitz plantazioak kaltetzeko nahia izan duten suteak ikusi ditugu».
Eguraldia eta konfinamendua
Aipatzeko datuen artean, «alarma egoeran eta beraz, konfinamendu garaian, 33 sute izan direla» jakinarazi du Ayarrak. Martxoaren 21ean eta 22an, konfinamendu bete-betean, zazpi sute itzali zituzten. Gisa berean, «kaltetutako eremua ttikia» izatearen arrazoietako bat eguraldia izan dela aipatu du: «antizikloiaren ondotik prezipitazio-egunak etorri ziren eta horren ondorioz, suak ez zuen 2019an izandako jarrera agresiboa eduki. Iaz prezipitaziorik gabeko 22 egun izan genituen».
Bertzelako ateraldiak
Oihaneko sute guttiago bai, baina bertzelako egitekoak gehiago izan dituzte alarma egoeran. Ayarrak azaldu digunez, «ohi baino gorabehera gehiago izan ditugu tximiniekin, gehiago erabili direlako. Baina sute horiek ez dute kalte handiagorik eragin, beharbada, herritarrak etxeetan egon direlako». Covid-19ak gaixotutako pazienteen lekualdatzeaz ere arduratu behar izan dute, eta eskualdeko zahar etxeak desinfektatzeko lanetan ere ibili dira. Bertzetik, Oronoz-Mugairiko parkean suhiltzaile batek eman zuen koronabirusean positibo, «bertze bik sintomak izan zituzten baina testean negatibo eman zuten».