Koronabirusa

Oztopoak oztopo lanerako gogoz

Ttipi-Ttapa 2020ko mai. 29a, 08:30

Fasetik fasera, konfinamendua arintzen hasia da eta horrekin batera, bi hilabetez itxita egon diren negozioak ateak irekitzen eta etxean egon diren langileak lanera bueltatzen hasiak dira. Mugimendua, ordea, ez da inondik inora lehengoa.

Hasi da mugimendua. Fasetik fasera pasatzeko aukerak ateak ireki dizkie hainbertze denboran geldirik egon direnei. Dendak poliki-poliki irekitzen hasi dira, ostatu eta jatetxeak ere ahal duten neurrian ernatzen hasi dira, eta enpresa gehienak jarduerari eusten ari dira. Luze egin zaie bi hilabetez negozioa itxita izatea baina segurtasun neurriak hartuta lanerako prest dira.

Mugimendua, ordea, ez da inondik inora lehengoa, eta aunitz lanean hasi badira ere, bertze aunitzek halabeharrez etxean segitzen dute: langabezian gelditu direnek, aldi baterako erregulazioan dauden langileek, jaso duten kolpe ekonomikoaren ondotik negozioa berriz irekitzeko aukerarik gabe gelditu direnek, probintzia batetik bertzera joateko muga tarteko bisitaririk gabe gelditu diren turismo alorreko ostatuek eta jarduerek, taldean elkartzeko debekuak bezerorik gabe utzi dituztenek... Zerrenda luzea da. 

Zerbitzuen sektorea kaltetuena
Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera, guztien artean zerbitzuen sektorea izan da kaltetuena, eta nabarmen, gainera. Ezohiko egoera honetan, Nafarroa mailan aurkeztu diren enplegu-erregulazioko espedienteen artean %84 zerbitzuen sektorekoa izan da. Segidan, eraikuntza sektorea dago, espedienteen % 5,2rekin.

Kaltetutako langileen ia erdia (% 47,69) enpresa ttikietakoa eta mikroenpresetakoa da (50 langiletik beheitikoak), eta mikroenpresa horiei dagokie aurkeztu diren enplegu-erregulazioko espedienteen % 95,7.
Eskualdeko datuei erreparatuz, Covid-19ak sortu duen alarma egoeran, Baztan-Bidasoan guztira 278 espediente aurkeztu dira eta horiek 3.154 langileri eragin diete. Langileen %5,7a izan da kaltetua, Nafarroako erdialdearen gibeletik, ondorio handiena utzi duen eremua izan da. Leitzaran-Larraun eta Sakana eremuan, berriz, 2.087 langileri eragin dieten 258 espediente aurkeztu dira. 

Langabezia goiti
Egoeraren erakusle dira langabezia datuak. ERTEn edo aldi baterako erregulazio espedienteekin lanik gabe gelditu direnak kontuan hartu gabe, langabezia igo egin baitzen apirilean. Zehazki errateko, otsailaren 29tik apirilaren 30era bitarte, Baztan-Bidasoaldean %12,20 hazi zen langabezia: 78 lagun gehiago ziren enplegu bulegoan izena emandakoak. Larraun-Leitzaldean, berriz, 49 langabe gehiago zenbatu zituzten, otsail hondarreko datuekin alderatuz, %23,60 gehiago. Guztira Doneztebeko Enplegu Bulegoan izena emandakoak 838 ziren, iaz garai berean baino  154 lagun gehiago eta 2017an baino 117 gehiago.

Koronabirusa tarteko jardunari osotasunean edo partzialki eutsi ezin dioten enpresek gutxienez ekainaren 30era arte luzatzen ahalko dituzte erregulazioak, eta zabalik utzi du epe hori luzatzeko aukera. Gisa berean, langile bat lanera itzuli eta ondoko sei hilabeteetan ezin izanen dute kanporatu. 

Aldi baterako lanaldietan, ordea, kaleratzeak egiteko aukera baimendu du: enpresak aldi baterako kontratua eteteko aukera izanen du kontratua bukatu baldin bada edo kontratatutako lana bukatu baldin bada. Horrez gain, hondoa jotzeko eta hartzekodunen konkurtsoan sartzeko arriskuan dauden enpresek ere langileak kaleratu ahal izanen dituzte. 

Hortaz, ikustekoa izanen da ondoko hilabeteetan nolako bilakaera izaten duen langabeziak. Eta datuen gibelean pertsonak daude, modu batera edo bertzera, gehiago edo guttiago, kalteak jasan dituztenen bizitzak.

Langabezia eskualdean

Urtea Langabe kopurua Langabezia tasa
2006ko apirila 642 %3,64
2007ko apirila 574 %3,26
2008ko apirila 623 %3,51
2009ko apirila 1.015 %5,70
2010eko apirila 1.149 %6,46
2011ko apirila 1.148 %6,51
2012ko apirila 1.258 %7,22
2013ko apirila 1.471 %8,57
2014ko apirila 1.342 %7,99
2015eko apirila 1.168 %7,09
2016ko apirila 977 %6,00
2017ko apirila 892 %5,50
2018ko apirila 721 %4,47
2019ko apirila 684 %4,26
2020ko apirila 838 %5,22

Testigantzak

«Epe luzexeagora beharbada ondorio ekonomikoak ikusiko ditugu»


Jone Ordoki Urkixo, Lesakako kiroldegiko langilea

2008az geroztik, Lesakako kiroldegiko harreragilea da Jone Ordoki (Lesaka, 1982). Bera eta kiroldegian lanean ari diren 14 langileak «itxuraldatutako langabezian» daude orain eta «alarma egoerak iraun artean» halaxe egonen dira. Momentuz, ez dakite itzulera noiz eta nola izanen den: «espazio itxian dauden instalazioen erabilera gibeleratu behar dutela eta igerilekuak neurri zehatz batzuk hartuz ireki ahal izanen direla leitu dut...». Dena den, «jakinarazpen ofizialik ez» dutela jaso argitu du. Beldurrik ez, baina «urduritasuna» eragiten dio bueltak: «bizimoduan aldaketa gertatuko delako». Epe laburrean «orain bezalatxo» irudikatzen duena, gerora ilunago ikusten du: «epe luzexeagora beharbada egoerak eragindako ondorio ekonomikoak ikusiko ditugu».

«Taldeak onartzen ez badira monitore guztiontzat lanik ez da izanen»
Xanti Garmendia, Bertiz Abentura Parkeko langilea

Martxo hasieran hasi zuten Bertiz Abentura Parkean denboraldia eta «kontu eman orduko» itxi behar izan zituzten ateak. Bertako langile den Xanti Garmendiak aipatu digunez, «bi astetara etxera bidali gintuzten». Guztira «monitore, sukaldari, bulegoko langile eta garbitzaileak barne, 25 bat langile» dira bertan lan egiten dutenak eta «gaur gaurkoz, gehienok behintzat aldi baterako lan erregulazio txostena dugu». Langile horiez gain, izanen dira eragina sumatuko dutenak «udan, udalekuak tarteko, aunitzez ere monitore gehiago» izaten baitira. Bueltatzeko datarik ez duten arren, aurreikuspen baikorrik ez du Garmendiak: «talde handiekin lan egiten dugu eta aurten ez dut uste hori baimenduko dutenik, beraz, monitore kopurua jaitsiko dela pentsatzen dut». 

«Baldintza hauetan ezin da negozioa ireki»
Sonia largo Diaz, Leitzako ostalaria

Leitzako Atseden Gozo kafetegiko jabea da Sonia bere anaiarekin batera eta urtarrilaz geroztik Jubilatuen taberna alokairuan hartua dute. Martxa betean harrapatu zituen Alarma Egoerak: «nahasita ibili ginen ez genekien oso ongi zer egin behar genuen ezta zer pasako zen ere». Etxekoez gain, soldatapeko hiru langile aritzen dira beraiekin eta «ERTEan sartu behar izan ditugu». Momentuz lanean ez hastea erabaki dute: «ez baita errentagarria terrazak %50era irekita lanean hastea. Gastu asko dira eta irabaziak ttikiak». Gainera, arrisku taldeko kidea ere bada Sonia (giltzurrun trasplantea egina diote) eta horrek baldintzatuko du bere itzulera: «segurtasun osoz lan egin dezakedala jakin arte ezin naiz lanera bueltatu».

«Mugak irekitzean lanera itzultzea espero dugu baina ez dugu garbi»
Xabier Ariztia Urriza, Dantxarineko gasolindegian langilea

Martxoaren 17tik ERTEn dago Xabier Ariztia Urriza urdazubiarra. 11 lankide dira eta «bulegokoak izan ezik» bera bezala daude Dantxarineko Josenea gasolindegian zerbitza- tzen aritzen direnak. Ez daki noiz itzuliko diren: «espero dugu mugak irekitzean lanera itzultzea». Udan izaten dute «lan gehien» eta «deus garbi ez» badu ere,«aurtengoan ere hala izatea espero dugu. Mugak itxita egon ondotik, irekitzean segur aski lan kolpe handia izanen dugu, baina espero dugu denborarekin normalizatzea». Onartu digu «kezka» sortzen diola gaiak, «ekonomikoki kolpe handia izan da aunitzendako eta horrek denoi eragiten digu». Halere egoera «etxekoekin egoteko, aspaldiko afizioak berreskuratzeko eta proiektu pertsonalei bultzada emateko» baliatu du.  

«Inoizko udaberririk onena espero genuen eta txarrena izan da»

Xabi Zugarramurdi Altzuri, Arantzako Aterpea

«Erabat geldirik, lanik eta diru sarrerarik gabe». Xabi Zugarramurdik dioenez, halaxe egon dira Arantzako Aterpean. Itxita aterpea, jatetxea eta ostatua eta etxean 10 langileak eta denboraldika hartzen dituzten hezitzaileak, «guztiak ERTEn». Martxoaren 12an sumatu zuten lehen seinalea: «Bilboko talde bat genuen aterpean eta ikastetxetik dei bat jaso zuten etxera bueltatzeko erranez». Eragina «izugarria» izan dela dio: «inoizko udaberririk onena espero genuen eta txarrena izan da». Gaiak «kezka handia» sortu eta etorkizuna «ziurtasunik gabea» ikusten badu ere, txarrenari onena ere atera nahi izan dio: «dena ez da lana. Kontsumoaren zurrunbilo eroan bizi gara eta tarteka, osasunagatik, gelditzea komeni zaigu».

«Oraindik ez dakigu noiz eta nola hasiko garen lanean»
Cristina Olazar Apeztegia, Doneztebeko eskolako sukaldaria

Egun batetik bertzera 400 bat lagunendako bazkaria prestatzeari utzi behar izan dio Cristina Olazar Apeztegia elgorriaga- rrak. Doneztebeko eskolako jangelako sukaldarietako bat da eta martxoaren 13a izan zuen azken lan eguna. «Egun horretan jende guttiago etorri zen, baina normaltasunez aritu ginen». Etxean dago, baina berezia da kasua: «nire 40 orduko lanalditik 32 administrazio publikoari lotutakoak dira eta hortaz, zati hori, %84, enpresak ordaintzen dit; eta gainerakoa ERTE bidez». Kontatu digunez, «oraindik ez dakigu ziur noiz hasiko garen ezta itzulera nolakoa izanen den ere. Baina espero dut aldaketa handirik ez izatea». Gainerakoan, «zorioneko» sentitzen da lanpostua mantentzeaz gain, «ingurukoak ere lanean daudelako» baina «egoera hau agudo pasatzea» nahi du.

«Ekainean hobekuntzarik ez bada egoera arriskutsua izan daiteke»
Juan Manuel Altzuarte, Transformados Zalain lantegiko langilea

Eskualdeko enpresa handienetakoa da Transformados Zalain, gaur gaurkoz, «250-270 langile inguru» dituena.Tartean da Juan Manuel Altzuarte (Oronoz-Mugairi, 1977), kargako langilea, eta kontatu digunez «apirilaren 1etik lan erregulazioan» dago. Berak bezala, «gerenteak, produkzioko nagusiak eta teknikoak, giza baliabideetakoak eta segurtasuneko langileak izan ezik» denek «irailera arte» ERTEa sinatua dute. Halere, pixkanaka lanean hasiak dira: «maiatzetik txanda batean ari gara». Hori ez zaio aski iruditzen Altzuarteri eta «ekainean hobekuntzarik ez bada egoera arriskutsua izan daitekeela» uste du. Egoerari aitzin egiteko, euren alde ikusten du enpresaren balioa: «Zalain ezaguna da, egiten dituen produktuengatik eta produktu horien kalitateagatik».

«Jendea landaguneetara etorriko delako esperantza dut»
Bernart Errandonea, Berako Alkerberea landetxeko jabea

Koronabirusak astinaldi ederra eragin du turismo alorrean. Hasieran etxetik ateratzeko debekua zegoelako, eta orain, jendeak «beldur handia» duelako landetxeak hutsik daude. Berako Alkeberea landetxeko Bernart Errandoneak ongi daki hori: «uztaileko bizpahiru aste hartuak genituen eta solastatu ez badugu ere, galdutzat jotzen dugu». Orokorrean, «lan gehiago abuztuan» izaten dute eta aurten hala ote den ikustear dago, «beranduago egiten dituzte erreserbak...». Edozein modutan, «birusak eragindako beldurra eta ekonomia arazoak» ez ditu lagun ikusten: «egoera honetan jendeak lehendabiziko utziko duena oporrak izanen dira». Dena den, «ateratzen diren horiek hiri handietara jo beharrean mendi aldera jotzea erabakitzea aukera bat izanen litzateke… eta horretan dut esperantza».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun