Hezkuntza
- Borondatezko itzulera ikasgeletara baina bakarrik Batxilergoko 2. mailako ikasleentzat eta selektibitate probak prestatzeko. Ez dira itzuliko 0 eta 6 urte bitarteko eta DBHko 4. mailara arteko ikasleak.
Tabernak, jatetxeak eta hotelak
- Tabernak eta jatetxeak janaria zerbitzatzen hasteko aukera izanen dute euren lokaletan, edukieraren % 40 gehienez, eta 2 metroko segurtasun tartea mantenduz mahaien artean. Gaueko aisialdiko taberna eta diskotekak itxita egonen dira.
- Lokal barneko kontsumoa mahaian eserita baino ezin izanen da egin. Inola ere ez da onartuko barrako autozerbitzua. Hori bai, zilegi izanen da establezimenduan bertan janaria eta edaria eskatzea.
- Hoteletako eremu komunak jendearentzat ireki ahalko dira, baina edukieraren heren bat baino ez da baimenduko.
Dendak eta merkataritzako lokalak
- Dendetan bezeroak hartzeko edukiera % 40ra handituko da.
- Merkataritzako lokalak ireki ahal izanen dituzte, gehienez ere edukieran %40ean. Haur eremuak eta ludotekak itxita egonen dira.
Kiroldegiak eta igerilekuak
- Jolaserako igerilekuak ireki ahalko dituzte, betiere igerileku horiek mikroorganismo patogenorik eta erabiltzailearen osasunean eragin kaltegarriak izan daitezkeen substantziarik gabe mantentzeko baldintzak beteko badituzte. Edukiera gehienez ere % 30ekoa, txandakako ordutegiak ezarriz, lehendik hitzordua eskatuz eta 2 metroko segurtasun-tartea mantenduz bainularien artean.
- Kiroldegiak eta igerilekuak ireki ahalko dituzte, bai aire zabalean bai estalirik daudenak, edukieraren heren batean, aldez aurretik hitzordua hartuta eta kirolari bakarrarekin kale bakoitzeko.
Bisitak adinekoen egoitzetara eta tutoretzapeko etxebizitzetara
- Zaharren egoitzetara bisitak salbuespenezko kasuetan onartuko dira, hala nola bizitzaren amaieran edo egoiliarraren desoreka neurokognitiboa arintzeko egokia denean. Bisita horiek ezin izanen dira egin egoitza horretan COVID-19 kasuak baldin badaude edo berrogeialdian bizi den pertsonaren bat baldin badago.
- Tutoretzapeko etxebizitzak eta desgaitasuna duten pertsonentzako egoitza-zentroak bisitatzeko aukera izanen da. Bisitaldia aitzinetik hitzartu beharko da, egoiliar bakoitzeko senide batek bakarrik egin ahal izanen du, eta bisitaldian babes-ekipoak erabili beharko dira.
Kultur jarduerak eta gizarte ekitaldiak
- Erakusketa-aretoak ireki ditzakete, gehienez ere edukieraren herena.
- Zinemak, antzokiak eta auditorioak berriz ireki ahal dira, aldez aurretik esleitutako besaulkiekin eta edukieraren heren batekin. Kultur ekitaldi edo ikuskizunak egiten diren bertze lokal batzuek 50 pertsonako muga ezarriko dute itxiak badira, eta 200ekoa aire librekoak badira.
- Monumentuak bisitatzeko baimena ematen hasiko da, edukieraren %30eko mugarekin.
- Liburutegiek beren gelak erabiltzeko aukera emanen dute ekainaren lehenbiziko astetik aitzinera, haien gehieneko edukieraren herenarekin.
- Kongresuak, topaketak, negozio-bilerak eta hitzaldiak egin daitezke, gehienez ere 50 parte-hartzailerekin.
- Turismo aktiboko eta naturako jarduerak egin ditzaketen taldeak hogei pertsona artekoak izan ahalko dira.
Ehorzketa zeremoniak eta gurtza-lekuak
- Gehienez 25 pertsona joan ahal izanen dira ehorzketa edo errausketa-zeremonia batera. Beilatokien kasuan, 25 pertsona aire zabaleko espazioetan edo 15 pertsona espazio itxietan.
- Eliza eta gurtza-lekuen edukiera % 50era handituko da.
Ezkontza zeremoniak eta ospakizunak
- Ezkontzak baimenduko dira mota guztietako instalazioetan, baldin eta instalazio horien edukieraren ehuneko berrogeita hamarra gainditzen ez bada, eta nolanahi ere, gehienez ehun pertsona aire zabaleko espazioetan edo berrogeita hamar pertsona espazio itxietan. Distantzia soziala, eskuen higienea eta musukoak erabili beharko dira.