6 urtetik goitiko herritar guztietan izanen da maskara ezinbertzekoa, eta arau horren arabera, 3 eta 5 urteko haurretan ez da derrigorrezkoa izanen, baina gomendagarria bai. Arauan «ahal izanez gero, higienikoak eta kirurgikoak» erabiltzea gomendatu du Espainiako Gobernuak, «sudurra eta ahoa» tapatzen dutenak.
Hala ere, arnasa hartzeko arazoak dituzten herritarren kasuan ez da maskararen erabilera beharrezkoa izanen, ezta beren osasun egoeragatik edo mendekotasunen bat dutelako maskara erabiltzeak kalte egin diezaieketenak ere. Gisa berean, «bateraezina den jardueretan» ere ez da derrigorrezkoa izanen, hala nola, jaterakoan edo edaterakoan.
Espainiako Gobernuaren arabera, «erabat frogatua dago maskarek kutsatutako tanten hedapena saihesten dutela eta hori hagitz garrantzitsua da segurtasun tartea mantendu ezin denean». Horrekin batera, osasun agintarien aholkuei kasu egitearen garrantziaz ohartarazi du, bertzeak bertze, segurtasun tartea mantentzeko eta eskuak garbitzeko erranez.