Koronabirusa

Ikasleek baliabideak ez direla kontuan hartu salatu dute

Ttipi-Ttapa 2020ko mai. 14a, 15:00
Ikasleek baliabideak ez direla kontuan hartu salatu dute.

Bera, Lekaroz eta Leitzako ikasleak guztien beharrak elkarlanean asetzeko saretu egin dira.

Koronabirusak ikasketak etxetik jarraitzera behartu ditu ikasleak. Horren aitzinean, Gora Ikasleon Borroka mugimenduko ikasleek, telelana gauzatzerakoan, «guztiontzako neurri berak hartu direla» salatu dute: «berriz ere, Hezkuntza Sistemak ez du kontuan hartu ikasleriaren egiazko errealitatea». Norberaren beharretara egokitu gabe jarduteak «ikasle aunitz ikasketak aitzinera atera ezinik» utzi dituela nabarmendu dute: «wifiarengatik, ordenagailu faltagatik, bere errealitateagatik...». 

Egoera salatu
Egoera horren aitzinean, Gora Ikasleon Borrokak «salaketa kanpaina» abiatu zuen sare- sozialetan eta Euskal Herri osoko ikastetxeetako hainbat ikaslerekin batera, Baztan, Leitza eta Bortzirietako ikasleek ere, «egoera jasangaitza» dela adierazi dute. 

Ikasleak saretu
Salatu eta saretu. Halaxe egin dute: «gure artean antolatu eta elkar laguntzeko zaintza-sareak sortu ditugu Euskal Herri osoan». 

Toki Ona
Beran Ikasleok Tinkoren sare sozialetan inkesta bat paratu zuten, ikasleei behar zutena eta eskaintzen zutena zer zen adierazteko aukera emanez. Jasotako erantzuna ardatz, «arazoei aurre egiteko harremanetan jarriko gara». Horrekin «ikasleok antolatzeko dugun gaitasuna» ageriko egitea dute helburu: «ezin gara emanen digutenaren esperoan egon mila aldiz erakutsi baitigute zenbat axola diegun». 
Irakasleei ere «erantzun kolektiboa» eskatu diete eta «horretarako Ikasle Zaintza Sareak tresna ezin hobea» dela adierazi dute. 

Lekaroz institutua
Lekarozko institutuko ikasleek sarea bitan banatuz dihardute, elkarlanean: «batetik, apunteen argazkiak igo eta elkarbanatzeko Driven karpeta bat sortu genuen. Eta bertzetik, edukiak ulertzeko arazoak dituztenei laguntza eskaintzeko espazio bat sortuko dugu». 

Espazio horrek «elkarrekin aritzeko» bide emanen diela gaineratu dute: «edozein zalantza izanez gero edo laguntzarik behar izanez gero, jarri gurekin harremanetan». 

Amazabal
Leitzan ere zaintza sare bat abiatzeko pausoak eman dituzte, beharrak eta kezkak jakiteko, «ikasleriak jasaten dituen zapalkuntzak oraindik ere agerikoago egin baititu koronabirusak eragindako egoera honek». 

Erantzunak jasota, «bideoz, bideo-dei bidez eta idatziz klase telematikoak emanez» egin diote aurre egoerari. Denen beharrak asetzeko irtenbide bila dabiltza: «batek, material falta dauka, izan ere, etxean hiru ikasle dira eta ordenagailu bakarra dute, gainera gaizki funtzionatzen duena. Lan guztiak bere orduan entregatu ezin dituela aipatu zuen, eta irtenbide bat aurkitzeko lanean ari gara». 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun