Laguntza honen tramitazioa eta kudeaketa ahalik eta gehien sinplifika dadin abeltzainentzat, ez da tramite gehigarririk egin beharko ardien eta ahuntzen urteko laguntzak eskatzeko, kanpainako PAC eskaerak hartzeko ezarritako sistema berean. 3 euro emanen dituzte ahuntz edo ardi bakoitzeko.
Laguntza-neurri honen helburua ardi- eta ahuntz-aziendaren sektorea mantentzen laguntzea da, osasun-krisiak gehien kaltetutakoen artean baitago. Kontsumoa aunitz jaitsi denez, mota guztietako ekoizpenak eta ustiapen komertzial gehienak kaltetu dira, haien arraza eta gaitasuna kontuan hartu gabe, bai esnetarakoak bai haragitarakoak.
Oro har, ardi-aziendaren merkaturatzea %85 murriztu da, eta beherakada nagusia HORECA kanaletan (hotelak, jatetxeak eta kafetegiak) jarduerarik ez egoteagatik gertatu da. Horrela, txikizkako merkataritzarako (harategiak) eta bertze merkaturatzaile batzuetarako bidea bakarrik geratu da.
Egoera berri horretan, merkaturako irteerarik ez duten bildotsak ustiategietan mantendu behar dira. Horrek elikaduraren gainkostua ekarriko du eta, gero, merkatura prezio txikiagoan aterako direla aurreikusten da. Arazo horri gehitu behar zaio maiatzean abeltzaintza-ustiategietan berriz ere umatzen direla ardiak eta ahuntzak, eta horrek merkaturako irteerarik gabeko bildotsen kopurua handituko duela.