Astelehenetik aitzinera, bertzeak bertze, hauek dira baimenduko diren arintze-neurriak: lagunak eta familiakoak ikustea, ehorzketetara eta beilatokietara joatea, ostatu edo taberna bateko terraza batean esertzea edo elizara joatea.
Espainiako Gobernuak neurri orokor batzuk ezarri ditu 1. faserako, baina autonomia erkidegoekin egindako akordioek lurralde-berezitasunak jaso ditzakete konfinamendutik ateratzeko. Segidan, mundu guztia egiten ari den galderarik ohikoenak bildu ditugu.
Baimenduta dago norbere udalerritik ateratzea?
Deseskalatzearen 1. faseko berrikuntza handienetako bat da. Bihartik aurrera, murrizketarik gabe zirkulatzeko askatasuna egonen da Nafarroa osoan, baimenduta dauden jarduerak egiteko. Nolanahi ere, agintariek orain arte ezarritako segurtasun- eta higiene-neurri berberak bete beharko dira, bai oinez doazen pertsonentzat, bai bertze garraiobide batzuetarako.
Posible da bertze probintzia batera bidaiatzea?
Ezin gara joan Donostiara edo bertze probintzia bateko bertze udalerri batera erosketak egitera. Arrazoi hauengatik bakarrik atera gaitezke Nafarroatik: «Osasun-, lan-, lanbide- edo enpresa-arrazoiengatik, adinekoei, mendekoei edo desgaitasuna duten pertsonei laguntza eta zaintza emateagatik, ezinbertzeko kausagatik, beharrizan-egoeragatik edo antzeko bertze edozeinengatik».
Probintziatik atera ahal izanen naiz lagunak bisitatzera?
Ez.
Gure bigarren etxebizitza batera joan gaitezke?
Gobernuak hasiera batean ezetz erran bazuen ere, azkenean zuzendu egin du eta bigarren egoitzak erabiltzea baimenduko du, baldin eta egoitza horiek egungo etxebizitza dagoen probintzia berean badaude. Hau da, Nafarroan bizi den batek bigarren bizilekua Gipuzkoan edo Huescan badu, ezingo du joan, baina Nafarroako bertze etxera joateko baimena izanen du. Bistakoa dirudi nekazaritza-lanak edo lorezaintza-lanak ere egin ahal izanen direla bigarren bizilekuan, beharrezko segurtasun-neurriak betez.
Elkartu ahal izanen naiz nire lagunekin?
Bai, salbu eta lagun horietakoren bat koronabirus bidez positiboa bada edo isolatuta badago. Alabaina, ezin izanen dira adinekoak edo arrisku-talde bateko pertsonak bisitatu, Covid-19 birusarekin kalteberagoak direlako.
Zenbat lagun elkartu ahal izanen gara?
Gehienez ere hamar pertsonako bilerak egin daitezke. Segurtasun-tartea mantendu beharko da eta eskuak garbitzeari eta maskarari buruzko higiene-arauak errespetatu beharko dira. Etxe berean bizi direnak pertsona bakar modura kontatuko dira.
Non egin daitezke bilera horiek?
Bai etxean, bai karrikan…
Eseri naiteke terraza batean zerbait hartzera?
Bai, baldin eta horretarako lekua aurkituz gero, mahaien % 50 bakarrik okupatu ahal izanen direlako. Gutienez bi metroko tartea egon beharko da mahaien eta bezero-taldeen artean. Gainera, mahaiak desinfektatu egin beharko dira bezero baten eta bestearen artean, eta ezin izanen dira erabili erabilera arrunteko menu-orriak, ezta ezpainzapirik ere.
Zenbat pertsona joan daitezke batera auto berean?
Etxe berean bizi diren pertsonak, bederatzi plaza arteko autoa parteka dezakete.
Denda eta saltokiei zer aldaketa ekarriko die?
400 metro koadro baino gutiagoko saltokiek soilik ireki ahal izanen dute, 0 fasean bezala, baina ez da beharrezkoa izanen hitzordurik eskatzea, ezta banakako arreta ematea ere. Dendek bezeroei sartzeko aukera emanen diete, gehienez ere edukieraren % 30era arte; gutienez bi metroko segurtasun-tartea mantendu beharko da, eta adineko pertsonei arreta emateko ordutegi bat ezarri beharko dute saltokiek. Gainera, merkatariek egunean bi aldiz desinfektatu beharko dute lokala.
Arropa denda batean probatu ahal izanen dut?
Arropa dendetan, probatzaileak erabiltzen segitu ahal izanen da baina pertsona bakar batek egin beharko du. Erabili ondotik garbitu eta desinfektatu eginen dira. Bezeroak ez badu erosten probatu due jantzia, establezimenduak higienizatu egin beharko du, berriro salgai jarri aitzinetik.
Berreskuratuko dira desgaitasuna duten pertsonentzako arreta eta arreta goiztiarreko terapiak, okupaziokoak, errehabilitaziokoak eta psikosozialak?
Bai, eta egoitzetan bizi ez diren adinekoei ere emanen zaie etxeko arreta eta etengabeko jarraipena.
Herrietako merkatu eta azokak berraktibatuko dira?
Bai, bide publikoko aire zabaleko merkatuen jarduera itzuliko da. Hori bai, postuen arteko tarteak errespetatu beharko dira eta ohiko postuen kopurua % 25era mugatuko da, eta edukieraren herena izanen da baimendutako gehieneko jendetza.
Astelehenean irekiko dituzte Dantxarinea edo Ibardinen dauden moduko merkataritza guneak edo 400 metro koadro baino gehiagoko dendak?
Ez, ezin dituzte ireki 1. fasean.
Beilatokiak baimenduta egonen dira?
Bai, baina hori egin dezaketen senideen kopurua mugatu egiten da: 15 pertsona aire zabalean egiten bada, eta hamar espazio itxietan.
Ehorzketetara joan ahal izanen da?
Bai, baina muga bat ere ezartzen da: hildakoaren errausketarako ehorzketarako edo agurrerako segizioa gehienez hamabost pertsonara mugatzen da.
Gimnasioek ateak irekiko dituzte?
Bai, aire libreko kirol-instalazioak baldin badira eta jarduerek kontaktu fisikorik ez badakarte (tenisa edo atletismoa, adibidez). Hala ere, leku itxia duten instalazioen erabilera 2. fasera atzeratu beharko da, kirola publikorik gabe egiten denean eta kontaktu fisikorik behar ez denean soilik.
Liburutegiak eta museoak irekiko dituzte?
Bai. Museoen bisitak %30era mugatuko dira. Liburutegiak irekiko dituzte, baina mugatutako edukierarekin eta soilik liburuak mailegatzeko eta irakurtzeko.
Kultur ekitaldiak eginen dira?
Bai, baina mugekin. Aire zabalean egiten diren ekitaldiak eta kultur ikuskizunetan 200 pertsona baino gutxiago egon ahal izango dira, eta leku itxietan, 30 pertsona baino gutiago, eta edukieraren %30ean. Publikoa eserita egon beharko da kasu bietan, eta segurtasun distantzia mantenduta.
Kontzesionarioak eta Ibilgailuen Inspekzio Teknikoak?
Ibilgailuak saltzen dituzten kontzesionarioak irekita egonen dira astelehenetik aitzinera, baina lehenagotik hitzordua beharrezkoa izanen da. 400 metro koadrotik gorako kontzesionarioek ere zabaldu ahal izanen dute. Bestetik, I.I.T. Ibilgailuen Inspekzio Teknikoa egiteko guneak ere irekiko dituzte, eta beharrezkoa izanen da lehendik hitzordua eskatzea.
Elizara joan daiteke?
Bai, kultu-lekuak 1. fasean irekiko dira, baina fededunen kopurua heren batera murriztuko da.