Irache Nafarroako Kontsumitzaileen Elkarteak koronabirusa ailegatu aitzinetik egindako inkesta baten arabera, «%98k Nafarroako nekazariek eta abeltzainek ekoitzitako produktuak babestea beharrezkoa ikusten du. Gainera, %95ak uste du produktuagatik ordaintzen denaren zati handiena ekoizleak jaso behar lukeela».
Gaur egungo egoeran, komertzio aunitzek egoerara egokitu eta zerbitzu berriak eskaini behar izan dituztela oroitarazi du Irachek ohar bidez. «Etxez etxeko zerbitzuak nabarmen egin du goiti, eta zenbait ekoizlek egoerak sortu dizkien zailtasunak tarteko eta ateak itxi behar izan dituztenez, kontsumitzailearekin hurbileko kontaktua bilatu dute».
Hori horrela, Iracheren irudiko, «ezinbertzekoa da Nafarroako ekoizleak eta komertzioak babestea, bereziki hurbilekoak eta ttikiak direnak, Nafarroako ekonomia indartzeko. Gainera, kontsumo eredu hori jasangarriagoa da eta konntsumitzaileak produktuaren inguruko informazio gehiago du».
Gomendagarriak diren bertze praktika batzuez ere mintzatu da Iratxe oharrean.
Txartelekin eta mugikorrarekin egindako ordainketek kontaktua murrizten dute
Txartelekin egindako ordainketak «biderkatu» direla dio Irachek oharrean, «erosotasunatik haratago, kontaktua murrizteko eta esku dirutan ordaintzeak izan dezakeen kutsatzeko arriskutik saihesteko». Kontakturik behar ez duten txartelak eta mugikorraren bidez ordainketak egiteko tresnak «erosoagoak, seguruagoak eta sozialki arduratsuagoak» dira Iracheren irudiko. Banku batzuek hartutako neurriak ere «lagundu» dutelakoan dago eta horren adibide, «zenbaki sekretua idazteko beharrik izan gabe muga 50 eurora handitu izana» edo «bertze entitateetako kutxazain automatikoetatik dirua ateratzerakoan komisioak bertan behera utzi izana» aipatu ditu.
Internetez prezioak konparatu eta dendaren hurbiltasuna aintzat hartu
Prezioak konparatzeko «gomendioa» ere luzatu du Irachek. Baina egoera honetan, «hurbileko komertzioen artean» egiteko aholkatu du. «Aurreztea garrantzitsua da, eta zenbait etxetan inoiz baino garrantzitsuagoa izan daiteke, baina erosketak egiterakoan pasatutako denbora eta espazioa kontuan hartu behar dira». Horrekin batera, «dendaren web orria aitzinean, eta prezioak aurrez aurre direla, erosketa zerrenda egitea hagitz gomendagarria izan daiteke» Iracherentzat. Bertzetik, erosketak internetez egitea erabakiz gero, «itzulketak eta denbora aurrezteko lehendik egindako erosketak kontuan izateko» adierazi du.
Neurriak kontuan
Koronabirusaren hedapenaren aurka dendek hartu dituzten neurriak ere aintzat hartu beharrekoak dira Iracheren irudiko, «aldaketa horiek komertzioen aldetik esfortzua eta gastua suposatzen dute, baina kontsumitzailearen osasunean eragina dute eta gizartearen aitzinean duten erantzukizunaren erakusle dira».