Koronabirusa

Bertso plaza berriak bultzatzeko 45.000 euro bideratuko ditu Bertsozale Elkarteak

Ttipi-Ttapa 2020ko mai. 3a, 11:00

45.000 euro bideratuko ditu Bertsozale Elkarteak egungo egoerara egokitutako bertso plaza indartzeko eta bertsolarien zaurgarritasun egoera leuntzeko.

Urrun geratu da martxoaren 15a; orduan egin behar zuen Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak urteroko Batzar Nagusia bazkideekin. Aurkeztekoa zen 2020ko egitasmoa www.bertsozale.eus atarian dago ikusgai; baina, gauden egoeran egonda, egitasmoa eta aurrekontua berrikusi behar izan dituzte.

Elkarteak eskuartean zituen proiektu asko bertan behera geratu, atzeratu edota moldatu behar izan dituzte. Elkartean ez ezik, bertsolaritza mugimendu osoan eragin nabarmena izan du osasun krisiak, noski.

Ohiko bertso plaza berreskuratzeko denbora beharko dela gogoan, egungo egoerara egokitutako ekimenak jarriko dituzte abian. Elkartearen baliabideetatik eta salbuespen egoera batean daudela jakinda, bertsolaritzaren ikusgarritasunari eusteko eta bertsolarien egoera zaurgarria leuntzeko 45.000 euro bideratuko dituzte. 

Martxotik, 400 saio gutxiago

Kulturgintza, bertsolaritza, zaleak aurrez aurre elkartzetik bizi da neurri handi batean; osasun krisiak kolpetik eten ditu zuzeneko emanaldiak eta bertso plaza.

"Inondik inora espero ez genuen bat-bateko kolpea izan da", Lanku Kultur Zerbitzuetako Marta Agirrezabalak apirilaren 7an Bertsoa.eus atarian egoeraren inguruan ateratako erreportajean azaldu bezala. "Lanku erabat lotuta dago plazari, lan jarduera nagusiena plaza da, eta bat-batean geratu gara", gaineratu du. Plazaren etetearen ondorioz, Lanku Kultur Zerbitzuak larrialdiko ERTE egoeran dago.

 

Xenpelar Dokumentazio Zentroan biltzen ditugun datuen arabera, 2019an, 1.644 saio egin ziren Euskal Herrian: horietako 1.215 saiok bertsogintza zuten ardatz, izan jaialdi, lagunarteko, plaza libreko zein txapelketa; eta gainerakoak, 400 ekitalditik gora, bereziak, esperimentalak, hitzaldiak edo saio didaktikoak izan ziren. Joan-etorri dezenterekin baina, oro har, saio kopurua mantendu egin ohi da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun