Koronabirusa

BiziHotsa euskal erresistentzia kutxa jaio da COVID19aren ondorioei aurre egiteko

Ttipi-Ttapa 2020ko mai. 1a, 17:00

Hainbat gizarte-eragilek, kolektibo feministak, antiarrazistak eta antikapitalistak, sindikatuk eta euskal kooperatiben sareek erresistentzia kutxa bat jarri dute martxan COVID19ak areagotu duen ofentsiba neoliberalari erantzuteko.

«Ez da osasun krisia bakarrik, krisi horren kudeaketa da egungo nekropolitika areagotzen duena, eta horrek gizarte ezberdintasunak handitzen ditu, komunitateen zaugarritasuna larrituz» adierazi du Izarne Castillok. Horregatik, BiziHotsa jarri dute martxan, erresistentzia kutxa gisa funtzionatuko duen plataforma. Helburua 21 egunetan 60.000 euro lortzea da, gero bigarren fase bat abiatzeko. «Zenbaiti asko irudituko zaio, baina hori da bizitzak balio duena, eta gaur egun ez dago ziurtatuta, erakunde publikoak ez baitira beren lana egiten ari», azpimarratu du Izarne Castillok.

Bilketa Coop47 Fundazioaren bidez egingo da. Dohaintzak desgrabatu ahal izango dira eta gardentasun fiskala ziurtatuko da. Dirua bi modutan jasoko da. Dohaintza handien eta hitzarmenen bidez: «Dagoeneko herrialde honetako gizarte-eragile handi ezberdinek hasi dira dohaintzak egiten", azaldu du Castillok; eta crowdfunding masibo baten bidez, "Pertsona guztiak inplikatu ahal izateko» pentsatuta baitago.

«5 edo 10 eurotik milaka eurora eman daitezke. Garrantzitsuena BiziHotsaren parte izatea da». Dohaintzak apirilaren 30eko goizeko 12etatik maiatzaren 21era bitartean egin ahal izango dira https://bizihotsa.coop57.coop/eu/ webgunean. Kanpaina hasi eta gutxira 6.000 euro bildu dituzte dagoeneko: «Ilusioz beteta gaude eta harrera ona izango duelakoan gaude, euskal gizartea solidarioa eta konprometitua izan baita beti», esan du Izarne Castillok.

BiziHotsa proiektu bizia da, eta, horregatik, webgune bat prestatu dute kolektibo ezberdinek laguntza eta bitartekoak eskatu ditzaten (www.bizihotsa.eus). «BiziHotsa familia hazten joango da, elkartasuna areagotuz». Hala ere, lehen fase honetan, 15 proiektu kolektiboetan jarri da arreta. Kolektibo horietara bideratuko da diru-bilketa, hasiera batean elikadura, etxebizitza, errepresioaren aurreko ahalduntzea eta oinarrizko osasuna eta higienea bermatze aldera.

Fermin Muguruza abeslariak, Eneko Sagardoy aktoreak, Lolita Chavez Giza Eskubideen defendatzaileak, Uxue Alberdi idazleak eta bertsolariak eta Ane Irazabal kazetariak, besteak beste, bat egiten dute BiziHotsarekin, eta bideo baten bidez herritarrak parte hartzera animatu dituzte.

«Geldirik eta beldurtuta nahi gaituzu, baina guk erresistentzia antolatuz erantzuten dugu», erran du Castillok.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun