Koronabirusa

Autokontsumorako baratzeetan lan egiteko baimena eskatuz Nafarroak planto egin du

Ttipi-Ttapa 2020ko api. 29a, 14:45
Nafarroako gizarteak autokontsumorako baratzeetan lan egiteko murrizketen amaiera eskatzeko manifestuak erantzun handia bildu du.

Nafarroa osoko 300 erakundek baino gehiagok Espainiako Gobernua Nafarroan duen ordezkaritzari eskatu diote autokontsumorako baratzeetan egin beharreko nekazaritza-jarduera guztiak interpretaziorik gabe baimentzeko

Nafarroako gizarteak baratzean lan egiteko murrizketen amaiera eskatzeko manifestuari emandako erantzun sendoak erakusten du zer nolako garrantzia duten baratzeek gure elikaduran: 97 udalek, 36 kontzejuk, udalaz gaindiko 5 erakunde publikok, landa-garapeneko 3 taldek, 18 alderdi eta talde politikok, 2 sindikatuk, Nafarroako osoko 158 elkarte eta kolektibok eskatu diote Gobernuaren Nafarroako Ordezkaritzari garai honetako nekazaritza-lan guztiak mugarik gabe baimentzeko.

Atxikimendu horiek Nafarroako udalen herena baino gehiago dira, ia geografia osoan banatuta, iparraldetik hegoaldera eta ekialdetik mendebaldera. Horien artean daude, eskualdean Areso, Bera, Baztan, Doneztebe, Goizueta, Igantzi, Ituren, Leitza, Lesaka edo Sunbilla.

Elkarte eta kolektibo sinatzaileen artean ere aniztasun handia dago, bertzeak bertze kultura elkarteak, ureztatzaileen komunitateak, talde ekologistak, emakumeen elkarteak, kirol elkarteak, nekazaritza ekologikoko elkarteak, gurasoen elkarteak, ehiztarien elkarteak, ekoizle txikien elkarteak eta kontsumo ekologikoko talde eta elkarteak.

Elikadura eta nutrizio egokia Gobernuek babestu eta sustatu behar duten eskubide unibertsala da, bereziki krisi garaian. Baina autokontsumorako baratzeei ezarritako murrizketen ondorioz, gehienak bertan behera utzi dira, isunen eta zehapenen beldur, urte osoko uztaren mende dagoen funtsezko une batean.

Nafarroako familia askori elikagai freskoak, tokikoak eta sasoikoak hornitzeko duen funtsezko eginkizuna gutxietsita eta ikusezin bihurtu dute, baita bizitza mantentzeko funtsezko jarduera asko ere, balio komertzialik ez dagoenean. Horrela bakarrik ulertzen da pandemia hedatzeko arriskurik gabeko eta elikaduran funtsezkoa den jarduera bat murriztu izana.

 

«Planto egiten dugu, Nafarroak bere baratzetik jan nahi du»

'Planto egiten dugu, Nafarroak bere baratzetik jan nahi du' leloarekin autokontsumorako baratzeak balioan jarri nahi dira, elikadura burujabetzari egiten dioten ekarpena, baita osasun krisi honetan hain zuzen ere duten garrantzia ere. Gaur egun dagoen babesgabetasuna salatzea eta administrazio ezberdinen mezu kontrajarriek sortutako nahasmena ere.

Autokontsumorako baratzeek Nafarroako 20.000 familia baino gehiago elikatzen laguntzen dute, tokiko nekazaritza baten parte dira, eskala txikian, ingurumena eta pertsonak errespetatzen dituzte, klima aldaketaren ondorioak arintzen laguntzen dute eta inguruan kontsumitzen dira. Baratzezainek paisaia, haziak eta nekazaritzako biodibertsitatea mantentzen laguntzen dute, baita nekazaritzako jakintzak kontserbatzen ere. Baratzea, gaur egun, gure lurraldearen nortasunaren parte ere badela defendatu beharreko ondarea da.

Erakunde sustatzaileek 300 atxikimendu baino gehiago bidali dituzte Espainiako Gobernuak Nafarroan duen Ordezkaritzara, murrizketak bertan behera uzteko eskatuz.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun