Koronabirusa

Alarma egoerak ekarri dituen aldaketak direla eta, Irachek kontsumitzaileendako aholkuekin dekalogo bat atera du

Ttipi-Ttapa 2020ko api. 28a, 12:00

Susana Arizkun, Irache Kontsumitzaileen Elkarteko zuzendari ondokoa

Itzulketak, hornidurak, alokairuak eta kantzelazioak aipatzen dira bertzeak bertze

Kontsumitzaileondako lagungarri izanen delakoan, koronabirusak eta alarma egoerak ekarri dituzten kezkak eta lege aldaketak biltzen dituen gida bat kaleratu du Irache Nafarroako Kontsumitzaileen Elkarteak.

 

1- Telefono eta internet konpainiek ezin dituzte prezioak garestitu. Alarma egoerak indarrean dagoen bitartean aipatutako zerbitzuak ematen dituzten enpresek lehengo prezioei eta baldintzei eutsi beharko diete. Komunikazio elektronikoak ez dira eteten ahal sarearen segurtasun arrazoiengatik baizik.

Telefono konpainiek portabilitateak soilik eskaintzen ahal dituzte baldin eta teknikoek kontsumitzaileen etxean ez badute lanik egin beharrik eta kontsumitzaileak operadorearen dendara ez badu jo beharrik.

 

2- Kontsumitzaileak erositakoa itzultzeko aukera izanen du gero ere. Internetez edota dendan erositako produktuak itzultzeko epe-mugak etenda daude Alarma egoerak dirauen bitartean, baita bere luzapenetan ere. Alarma egoerak ezarri zuen 463/2020 Errege Dekretua indargabetu eta gero hasiko da denbora kontatzen, hau da bitartean ez dira epeak agortuko.

 

3- Alarma egoerak eraginda bete ezinda gelditu diren kontratuak baliogabetzeko aukera dago. Hori bai, kontzertu bat ikusteko txartelak erosi zuenak edo hoteleko erreserba zuenak alarma egoera akitzen delarik 14 egun bertzerik ez ditu izanen kontratua baliogabetu eta dirua eskatzeko. Legeak 60 egun ematen ditu zerbitzu-emaile edo saltzaileak eta kontsumitzaileak bertzelako akordio bat lotzeko, kontratua bertan behera utzi eta dirua itzultzea saihestuko duena.

Bidai konbinatuak badira, hotela eta hegazkina batera kontratatu badira adibidez, bidai agentziak hurrengo urtean erabiltzeko bonu bat eta dagokion berme ekonomikoa (abala) emateko aukera du, dirua ordez. Bidaia ez bada gauzatzen kontsumitzaileak dirua eskatzeko aukera izanen du,  urte bat pasa eta gero.

Kontsumitzaileak dirua eskatzen ahal du hasieratik baino bidai agentziak bertze enpresek (hegazkin konpainiek, hotelek eta abarrekoek) bueltatu duten dirua baino ez dio eman behar. Bidai Agentziak itzultzen duen diru kopuruaren arabera murriztuko da gero bonuaren balioa.

 

4- Akademia edo gimnasioaren kuotak itzuli behar dira. Hileko kuotak ordaintzen badira eta egoerak eraginda zerbitzua eteten bada, eman ez diren zerbitzuen kostua itzuli behar da, eskatuz gero. Enpresak bertzelako proposamenak egiten ahal ditu dirua itzuli baino lehen, baina hasierako kontratutik kanpo egiten diren proposamen gainean akordiorik ez badago enpresak kuota zati bat itzuli beharko dio kontsumitzaileari. Akordioa onartzen duen kontsumitzaileak ez ditu kuota berriak ordaindu beharko zerbitzua martxan hasi arte eta onartzen ez duenari berriz ez zaio baja ematen ahal segitu nahi badu. Kirol Elkarteetako bazkideen kasua ezberdina da kontsumitzaileak ez direlako.

 

5- Etxebizitzetan ezin dituzte moztu argia, gasa eta ur-hornidura. Alarma egoeran enpresek ez dute ohiko etxebizitzetan ura, gasa eta argia mozten ahal, segurtasun arrazoiengatik izan ezik. Argiaren Gizarte Bonuak luzatu dira irailaren 15 arte eta autonomoei baldintzak malgutu zaizkie Gizarte Bonua lor dezaten. Alarma egoeran enpresek ez dituzte etxeetako kontagailuen lekturak hartuko. Hori dela eta, norberak bere lektura hartzea eta konpainiari ematea gomendatzen da.

 

6- Egoera ekonomiko larrian dagoenak hipotekaren ordainketa etetea eskatzen ahal du. Horrela da ohiko etxebizitza erosteko hipoteka bada edo hipotekatutako etxea alokatuta egonda maizterrak ez badu ordaintzen, beti ere eskatzen duenaren egoera larria bada legearen arabera. Hipotekaren kuoten ordainketa eten eginen da 3 hilabetez gehienez, Alarma Egoera akitu eta gero bankuari edo kutxari eskatu behar zaio, 45 egun pasa baino lehen. Finantza erakundeak 15 egun izanen ditu neurri berezi hori aplikatzeko edota erantzuteko.

 

7- Etxebizitza bateko maizterrak 6 hilabetez luzatzen ahal du kontratua. Ohiko etxebizitza alokatzeko kontratua bada eta 2020ko apirilaren 2tik hasi eta alarma egoera akitu eta gero hurrengo 2 hilabeteetan amaitzekoa bazen 6 hilabetez luzatzeko aukera izanen du maizterrak. Bertzalde, egoera larrian dauden pertsonak ez dira errentan hartutako etxebizitzatik botatzen ahalko alarma egoerak dirauen bitartean eta ezohiko egoera hasi zenetik hurrengo 6 hilabeteetan.

Egoera larrian dauden pertsonendako laguntzak badaude. Hauek dirulaguntzak eskatzen ahal dituzte etxebizitzako jabea enpresa delarik eta ordainketa etetea partikularra den kasuetan.

Ohiko etxebizitzak ez diren pisuak alokatzeko egiten diren kontratuei ez zaizkie neurri hauek aplikatzen.

 

8- Kasu eman ordutegi berriei. Alarma egoera dela eta denda aunitzek ohiko ordutegiak aldatu dituzte. Dendetan denbora luze ez emateko erosketa etxean antolatzea gomendatzen da. Hainbat dendek argibide interesgarria ematen dute internetez, hala nola noiz dagoen jende gutxiago edo produktuen kokapena.

 

9- Premiazko zerbitzu bat behar baduzu, aurrekontua eskatu. Ur isuri bat gertatzen baldin bada edo etxeko sarraila irekiko duen profesional bat beharrezkoa bada aseguru kontratuan konpainiak ordaindu behar duen begiratu. Kontsumitzaileak ordaindu behar badu aurrekontu zehatza eskatu behar da. Kontratatutako lana akitu eta gero ordainagiria eskatu egindako lanak garantia du eta.

 

10- Argibidea hartu eta ematerakoan kontu eman. Koronabirusak eta honen inguruan sortu den egoerak informazio ugari agertzea ekarri dute, batez ere interneten aurkitzen dena. Egoera honetan arduraz jokatzea gomendatzen da eta informazioen egiazkotasuna ziurtatzea.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun