Koronabirusa

Salbuespen egoera honetan ardi eta behi haragiaren prezioak jaistea eskatu nahi dio EHNEk azken saltzaileari

Ttipi-Ttapa 2020ko api. 21a, 08:30

Erosleek behi eta ardi haragaiarengatik ordaindu beharreko prezioa merkeagoa izatea eskatu die EHNEk azken saltzaileei.

Kontsumitzailearekiko eta ekoizlearekiko elkartasuna erakutsiz

Luzatzen ari den osasun-krisi honetan, itxialdira behartuta dagoen gizartea sostengatzeko,  lehen sektorea ezinbertzekotzat jo da. Nekazariek eta abeltzainek, kutsatzeko arriskuak arrisku, beren eguneroko lanarekin jarraituz eta mugikortasunari dagokionez hainbat oztopo gaindituz, merkataritza-establezimenduetako apaletan falta ez daitezen elikagaiak ekoitzi izana, erantzukizun eta elkartasun kolektiboaren adibide argia da.

Herritar gisara egindako ahalegin gehigarri honek ordea, gure abeltzainek bizi duten egoera larriarekin aurrez aurre talka egiten duela salatu du EHNE sindikatuak: «Behi sektoreaz gain, ardiarena batez ere, egoera larrian dagoela azpimarratu behar dugu, une honetan galera ekonomikoekin ari baita lanean, pandemiak sortutako krisiak hainbat banaketa-kanaletan sortu duen eraginagatik besteak beste».

Jatetxeak, tabernak eta ostalaritzarekin lotutako lokalak itxi izanak, muturreko handia eman dio haragi mota hau merkaturatzeko aukerari, saltoki txiki eta handietara mugatuz. Hau guztia ikusita elikadura kateko azken saltzaileei bere salmenta-marjinak ahalik eta gehien estutzea eta salmenta-prezio merkeagoa eskaintzea eskatu nahi die EHNEk: «Honek guztiak ERTE eta lan-prekarietateak jota bere poltsikoa erdi hutsik ikusiko duen kontsumitzaileari, ardikia eta behikia erosteko aukera emango dio eta bide batez abeltzainek, bere generoari irtenbide azkarragoa eta duinagoa ematen eta bizi duten egoera larria arintzen lagunduko du».

Argi egiaztatu ahal izan dute hiltzeko dauden animalien metaketak eta jatorrian salmenta-prezioen jaitsierak ez dutela eraginik haragi mota horren azken zenbatekoan, «eta horren ondorioz, ziurgabetasun ekonomikoko garai honetan, abeltzainen artean zuzeneko eragina duen merkataritza-errotazio txikiagoa dago», EHNEren oharraren arabera.

EHNEren ustez horrelako neurriak, prezioak doitzekoak, bat datoz bizi dugun salbuespenezko egoerarekin, «eta kontsumitzaileak oso begi onez ikusiko lituzke, denok garelako funtsezkoak elikatze-katean: ekoizleak, banatzaileak, saltzaileak eta bezeroak». Azkenik, tokiko produktua kontsumitzeko beharra azpimarratu dute, «guztion artean une latz hauetan ehun sozial eta ekonomiko hurbilena mantentzen laguntzeko».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun