Haurrek etxetik ateratzeko baimena izanen dute apirilaren 27tik aitzinera, Espainiako presidenteak prentsaurrekoan argitu duenez. Erabakia hartzeko lantalde bat osatu zuen pasa den astean psikiatra, pediatra eta bertze hainbat espezialitateko adituz osatua. Talde horrek hala gomendatuta proposatuko du Espainiako Gobernuak kalera ateratzen uztea hilaren 27tik aitzinera. Zein urtera arteko haurrez ari diren ez dute argitu, baina 12 urtera artekoak izan litezkela aditzera eman du Osasun Publikoaren legea aipatuta.
Beraz, Espainiako Gobernuak erkidegoetako presidenteei eginen dien proposamena, haurrak etxetik ateratzea eta aire zabalean "egunean tarte batez" gozatzeko aukera ematea da. Irteerak nola kontrolatu eta zein baldintzatan eginen diren ez du argitu.
Pedro Sanchezek aurreratu duenez, deseskalada fase orokorra maiatzaren 10ean hasiko da, "zuhurtziaz eta pixkanaka", eta lurraldeka eginen dute eta Osasunaren Mundu Erakundearen aholkuak jarraituz. Ordura arte, konfinamendua mantenduko da, baina adingabeen kasuan izan ezik.
Haurren poztasuna partekatu
Ttipi-ttapa, ttipi-ttapa lortzen ari gara! Pauso bat eman dugu, eta etxeko ttikienek haize pixka bat hartzeko aukera izanen dute heldu den astetik aitzinera. Pozez txoratzen egonen dira, seguru! Etxeko ttikien poztasuna gurekin partekatu nahi al duzue? Bidali zuen bideoak 744 48 43 61 zenbakira. Haiek kontent badaude gu ere kontent gaudelako!