COVID-19 koronabirusaren pandemiak eragindako krisi-egoera sanitarioaren, sozialaren eta ekonomikoaren aitzinean, gizarte osoa arduraz jokatzera behartuta sentitzen gara, guztion artean eta gutako bakoitzak bere ahalmenen barrenean, espero ez zen egoera mingarri bati aurre egin ahal izateko. Mugako txikizkako merkataritzaren sektoreko enpresentzat ere egoera zaila da eta ohar baten bidez, berriz ere zerbitzua eman ahal izateko neurriak hartzea eskatu dute Ibardin eta Dantxarineko merkatariek.
Bera, Urdazubi eta Luzaide artean 1.200 lanpostu zuzen sortzen dituzte 50 enpresen artean
Bera, Urdazubi edo Luzaide bezalako herrietan Nafarroako mugako merkataritza baliabide, aberastasun-iturri eta elementu dinamizatzaile ekonomiko eta sozialetako bat da, enpleguaren sortzaile den aldetik, bereziki Ibardin eta Dantxarineko merkataritza-eremuetan. Kopuruetan, hiru eremu horietan 1.200 lanpostu zuzen sortzen dituzte 50 enpresek, zeharkako bertze 900 lanpostu eta urtean 6 milioi bisitari erakartzen dituzte.
Martxoaren 16an mugetako kontrola berrezartzean eragin handia izan du sektore ekonomiko honetan, bisitari horien %97a frantziar estatukoa baita. Eta Espainiako estatuko hiritartasuna dutenek, Espainiako estatuan erresidentzia dutenek eta mugaz gaindiko langileek bakarrik dute muga zeharkatzeko baimena. Horrek, jardueraren ia erabateko gelditzea eragin du Ibardinen eta Dantxarinean.
Baina Ibardin eta Dantxarineko merkatarien ustez, mugako komertzio hauena da preseski bere jarduera ekonomikoan eta zerbitzu ematean segurtasun neurriak hobekien betetzen ahal dituen sektorea. Izan ere, «herriguneetatik urrun dauden establezimenduak dira eta, hortaz, ez da jende-pilaketarik sortzen herrietan». Gainera, «eremu mugatuak dira, modu autonomoan funtzionatzen dutenak eta bezeroak normalki bertara hurbiltzen dira bakarrik, herrigunera joan edo Nafarroan gehiago sartu gabe eta kontrolik gabeko mugaz gaindiko harat-honata sortu gabe». Eremu zabalak direla ere gogoratu dute eta «bezeroen etorrera txandakatua eta behar diren segurtasun tarteak errespetatzeko antolatzeko modua eskaintzen dute, bezeroentzat nahiz langileentzat funtzionamendu sistema seguruak ahalbideratuz».
Mugako komertzioa berezia da Nafarroako legediaren arabera
Mugako komertzioa berezia da Nafarroako legediaren arabera eta itxialdiko neurriak malgutzen hasten direnean proba egiteko leku egokiak izan daitezkeela uste dute Ibardin eta Dantxarineko merkatariek, «lanaren, ekonomiaren eta gizarte-jardueraren suspertzearen bidean, beti ere ezartzen diren segurtasun-neurriak eta protokoloak betez».
Horregatik, Frantziatik datozen bezeroei sarbide mugatua ematea eskatzen dute, «alarma egoerak ezartzen dituen neurrien barrenean gure jarduerarekin segitzeko aukera emanez». Mugako kontrolak merkataritza-eremu hauetatik kanpo ezartzea fisikoki ez dela batere zaila uste dute, Mugako komertzioak berriz irekitzeak langile, enpresari eta bezeroentzat onuragarria izateaz gain, Nafarroako ogasunarentzat ere halaxe izanen dela diote Ibardin eta Dantxarineko merkatariek oharrean.