Etxealditik Euskaraldira ekimenak bi helburu nagusi ditu: alde batetik, etxekoekin eta etxetik ditugun hizkuntza-ohituren gainean pentsaraztea; eta bertze alde batetik, euskararen erabilera sustatzea, horretarako bitartekoak eskainiz.
Ekimenak aurtengo azaro eta abenduan eginen den Euskaraldiaren bigarren edizioa prestatzeko baliagarria izatea du asmo. Izan ere, udazkenean, Euskaraldiak proposatzen duen ariketaren oinarriekin bat egiten du. «Bizi dugun egoera ez-ohiko honetan, oraindik ere, zerbait baldin badaukagu elkarrekin hitz egiteko aukera, gogoa eta nahia dira. Orain ditugun ia harreman gehienak hurbilekoekin ditugula jakinda, erabiltzen dugun hizkuntzaren gainean pentsatu eta aldaketak egiteko pausoa emateko aukera aproposa izan daitekeela iruditzen zaigu. Izan ere, etxeko konfiantza giroan aldaketak egin edo ditugun ohiturak finkatzen baditugu errazagoa izango da gerora, etxetik kanpo ditugun ohiturak aldatzen joatea», azaldu du Euskaraldiko koordinatzaile Rita Aldabaldetrekuk.
Ekimenaren nondik norakoak
Ekimenak hiru aldi nagusi izango ditu: aurkezpena, norberak bere eremu hurbilenean dituen hizkuntza-portaera eta ohituren gaineko hausnarketa eta ohiturak aldatu edo finkatzeko gauzagarriak diren ideien proposamena.
Ekimenak irauten duen artean, goizero-goizero Euskaraldiko facebook, instagram eta twitter kontuetan, ahobizi zein belarriprest Telegram kanaletan eta Euskaraldiko webgunean bideo labur eta mezu bidez emango dira ‘Etxealditik Euskaraldira’ ekimena gizarteratu eta parte hartzeko jarraibideak. Gainera, herriz-herri hedaturik dauden batzordeetako sare sozialen kontuetatik ere jarraitu ahal izango dira eguneroko argibideak.
Apirilaren 20an, argitaratuko da lehen mezua, «Etxealditik Euskaraldira ekimena aurkeztu eta argibideak eskaintzeko mezua. Apirilaren 21etik 23ra, berriz, hizkuntza ohituren gaineko hausnarketa egiteko proposamena zabalduko da. “Norekin eta nola hitz egiten dugun eta zer aldatu edo zer mantendu nahi dugun ikusteko ariketa erraz bezain interesgarria proposatuko diegu herritarrei», gaineratu du Aldabaldetrekuk.
Azkenik, apirilaren 24tik 30era, egunerokotasunean eta ohiko egoeretan oinarritutako zazpi ideia-proposamen kaleratuko dira. «Egunero ideia bat sareratuko dugu, baina herritarren aukera izango da denak egitea edo batzuk aukeratu eta gauzatzea. Bakoitzak bere nahi eta erritmoetara egokitzea da asmoa; ez dugu inor estutu nahi, aukerak eman besterik ez», nabarmendu du Aldabaldetrekuk.
Zazpi ideia horien azalpen-bideo edo proposamenak Euskal Herriko Euskaraldia batzordeetako zenbait ordezkarik eta kultur arloko zenbait lagunek eginen dituzte.
Ekimena maiatzaren 3an gauzatuko den ekitaldi bateratuarekin bukatuko da. «Ekitaldi horren inguruko azalpenak apirilaren 30eko proposamenean azalduko ditugu. Baina komunitateari ikusgarritasuna eta batasuna ematea izango du helburu»
Herritarren parte-hartzearen bila
‘Etxealditik Euskaraldira’ ekimenak herritarrei dei egingo die «ekimena bere egitera eta parte aktiboa» izatera. Horretarako, sare sozialen bidez zein fisikoki parte hartzeko bideak izango dituzte herritarrek.
Parte hartu nahi duten herritarrak ekimenean zehar sortutako bideoak edo ateratako argazkiak sareratzera animatuko ditu ekimenak. «Aukera honi helduz gero, bereziki garrantzitsua da @euskaraldia aipamena eta #EtxealditikEuskaraldira baliatzea guztiok guztion berri izateko eta Euskaralditik bilketa lana egitea ahalbideratzeko», azaldu du Aldabaldetrekuk.
Etxeetan ere leiho eta balkoietan koloretako puntu bat jartzea eskatuko zaie partaide guztiei, ekimenean parte hartzen ari direla adierazteko bide bezala.