Manu Aierdi eta Elma Saiz Garapen Ekonomikoko eta Ogasuneko kontseilariek zehaztu dutenaren arabera, laguntza izateko autonomoek baldintza batzuk bete beharko dituzte, bai diru sarrerei dagokienez, bai ondareari edo haien familiak duen egoerari dagokionez (ardurapeko seme-alabak, adinekoak edo mendekotasuna duten senideak izatea).
Nafarroako Gobernuak atzo onartutako Foru Lege dekretu batean jaso dira laguntza horien baldintzak. Gobernua oinarri arautzaileak eta gastuaren baimena idazteko prozesuan dago orain. Manu Aierdi Garapen Ekonomikoko kontseilariak adierazi zuenez, oraingoz ez dute foru ogasunarentzat izanen duen kostuaren kalkulurik egin, baina «garrantzitsua izanen da». Araudia Parlamentuan eztabaidatu eta baliozkotu behar dute eta, ondotik, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu.
Nafarroak 47.000 autonomo inguru ditu, eta horietako aunitz gelditu egin behar izan dute, alarma-egoeran baimenduta ez dauden jardueretan aritzen direlako, hala nola ostalaritzan, merkataritzan, ile-apaindegietan, hezkuntza-, kultura- edo kirol-jardueretan, bertzeak bertze. Aierdik zehaztu zuenez, oraingoz ia 10.000 autonomori aitortu zaie prestazio hori, baina zifra hori handitu daiteke.
Laguntza hori jasotzen dutenek konpromisoa hartu beharko dute jarduera uzteagatiko prestazioa ematen denetik 12 hilabete altan egoteko.
Laguntza eskatzeko prozedura
Laguntza hori emateko jarraituko den prozedura garatuko du orain Aierdi kontseilariak, eta hor jasoko dira xehetasunak. Segidan, deialdia iragarriko da eta eskaera egiteko epea irekiko da. Prozesu hori bide telematikoz egin beharko da. Eskaerak egiteko epea alarma-egoera amaitu eta hurrengo hilabeteko azken egunera arte egonen da zabalik.
Autonomoak eskaera egiten duenetik, Garapen Ekonomikoko Departamentuak hiru hilabete izanen ditu behin-behinean ebazteko eskaera onartzen duen ala ez. Gero, baldintzak betetzen diren aztertuko du.