Apirilaren 9an funtsezkoak ez diren lan-jardueren murrizketa epea amaitu ondotik, Nafarroan asteartean itzuliko dira lanera debeku horrek eragindako langile gehienak, eta muga bakarrak martxoaren 14ko hasierako alarma-egoeraren dekretuan jasotakoak izanen dira. Hartara…
Baimenduta daude:
- Dekretuak babestu egiten ditu osasun-, segurtasun- eta telekomunikazio-jarduerak, aduanak, elikagaien eta premia biziko produktuen hornidura eta banaketa, eta energia elektrikotik, petroliotik eta gas naturaletik eratorritako produktuen hornidura.
- Gisa berean, enpresa eta industria laguntzaileen ezinbertzeko zerbitzuak ere babesten ditu –osagaiak, garbiketa, zaintza eta segurtasuna, mantentze-lanak eta premiazko matxurak, eta salgaien eta pertsonen garraioa–, aurreko enpresa eta zerbitzu osagarrien jarduerek funtziona dezaten. Baita zaborren bilketa eta ur hornidura ere.
- Garraio publikoa, nahiz eta eskaintzan murrizketak izan. Asteartetik aitzinera, gainera, maskarak banatzen hasiko dira garraio publikoan lan egiten duten langileentzat.
- Justizia Administrazioak eta sektore honi lotutako zerbitzu guztiek ere funtsezko zerbitzuen araberako jarduerari eusten diote.
- Dekretuak baimentzen dituen saltokiak honako hauek dira: elikadura-dendak, farmaziak, mediku-zentroak, optikak, ortopediak, prentsa eta papergintza, estankoak, gasolindegiak, etxeko animaliak elikatzeko dendak, teknologia dendak, internet bidezko merkataritza eta garbitegiak.
- Ile-apaindegien kasuan, etxez etxeko zerbitzua baimentzen da pertsona ahulenen arreta eta higienea bermatzeko.
- Komunikabideek ere beren jarduerari eutsiko diote.
Ez daude baimenduak:
Ez dago baimenduta tabernak eta jatetxe-establezimenduak, diskotekak, kultura- eta aisialdi-instalazioak, kirol-esparruak, jolas-parkeak eta auditorioak irekitzea. Berbenen, desfileen, besta herrikoien eta ospakizunen debekuak segitzen du eremu irekietan eta bide publikoetan.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!