Urtarrilaren erdialdean hasi zen sagardotegi denboraldiak ezohiko iraupena izan du aurten. Bi hilabete eskasen buruan itxi behar izan dituzte kupelak, lan egiteko gogotsu egonagatik, alarma egoerak halaxe egitera behartu zituelako.
Lekarozko Larraldea sagardotegiko Jesus Angel Garciak adierazi duenez, bere kasuan, «zetorrenaren berri izan bezain agudo» itxi zituen ateak: «maiatzaren 1ean akitzekoa zen denboraldia, baina martxoaren 13an itxi genuen sagardotegia». Egun horretan bertan itxi zuten Lesakakoa ere: «ostiralean irekita genuen eta larunbatetik aurrera itxita» argitu du Juan Mari Lopezek.
«Denboraldia da lan gehien egiten dugun tenorea eta bereziki martxoa eta Aste Santua»
Jesus Angel GARCIA
Jarduera eteteak ondorio nabarmenak izan ditu sagardotegikoengan. Batetik, Garciak argitu bezala, «denboraldia delako lan gehien egiten dugun tenorea», eta bertzetik, Lopezek adierazi duenez, «sagardo guztia hemen gelditu zaigulako».
Hozkailuak gainezka
Asteburua ate joka eta hozkailuak beteta zituztela, ezustean harrapatu zituen ixte-aginduak Garcia eta Lopez. Lesakan asteazkenean jasoa zuten haragia eta bakailaoa eta hozkailuak bete-beteak zituztela itxi behar izan zituzten ateak: «bueltatzen saiatu nintzen baina ez zidaten hartu. Dena izozkailuan sartu behar izan dut».
Lopezi ez bezala, kooperatibak haragia bueltatzeko aukera eman zion Garciari: «bila etortzeko egunen bat behar izan zuen arren, kooperatibak erositakoa bueltan eraman zigun». Zentzu horretan galerarik izan ez dutela argitu du: «astean astekoa ekartzen dugu eta aste horretakoa eraman zigun».
«Momentu honetan 25.000 litro sagardo inguru ditugu...»
Juan Mari LOPEZ
Sagardoari dagokionez, «25.000 sagardo litro inguru» dituzte Linddurrenbordan orain. Modu batera edo bertzera egindako lana aprobetxatzeko «botiletan sartzen» aritu dira egunotan.
Ildo beretik, Larraldeakoak sagardoaren salmentetan izandako galerak ageriko egin ditu, «ikaragarri jaitsi» direla nabarmenduz: «botila bidez banatu behar da, biltegiak itxita daude, salmentak ere ez dira berak… Bereziki denda txikietara saltzen dugu, orain denda handiak pixka bat eskatzen hasi diren arren». Oraindik ez daki zer den berreskuratzen ahalko dutena: «udan ikusiko dugu zer ateratzen den, baina guztiari buelta ematea ezinezkoa izanen da».
«2.000 bat lagunen erreserbak izanen genituen...»
Juan Mari GARCIA
Guztira «1.000 bat lagunen jatorduak» dira Garciari bertan behera gelditu zaizkionak, bertze «2.000 inguru» Lesakan eskatuak zituztenak. Horren ondorioz, bai Lekarozko sagardotegian ari ziren bi langileak eta nagusia, baita Lesakan ari diren seiak ere irabazirik gabe gelditu dira.
Etorkizuna airean
Oraindik zer etorriko den «aurreikusteko goizegi» dela uste du Garciak baina ez du berehalakoan akituko denik uste: «ez dakigu noiz irekitzen ahalko dugun baina azkenak izanen gara… Urtea horrelaxe akituko dugulakoan nago». Lopezek ere urruti bota du begirada: «asko luzatzen bada ez dakit zer eginen dugun…».
«Irailean sagardoa egiten hasi beharko dugu ondotik zer heldu den jakin gabe»
Jesus Angel GARCIA
Kezkak agerikoak dira biengan. Iraila uste baino lehenago ailegatuko zaie eta horren beldur da Garcia: «irailean sagardoa egiten hasi beharko dugu ondotik zer heldu den jakin gabe». Lopezek argi du sagar gutxiago dagoenez, gutxiago egin eta aurtengoa aprobetxatu beharko dutela.