Nafarroako euskarazko hedabideak

Hilabetetik hilabetera erabiltzaile gehiago ditu ERRAN.EUS webguneak

Ttipi-Ttapa 2020ko api. 9a, 09:45

ERRAN.EUS bisitatzen duten gehienak mugikorretik sartzen dira

Joan den urtetik honat %149,8 hazi da bisita kopurua eta aurten, urtea hasi denetik, %60,1 egin du gora. Are gehieago, martxoaren 12an ERRAN.EUS koronabirusaren lehenbiziko berriak sartzen hasi zenetik, %20 hazi da webguneko erabiltzaileen kopurua. Ikusi hemen datuak.

Urtetik urtera, sendotzen ari da ERRAN kanal digitala eta, beldurrik gabe erran dezakegu Xorroxin irratiak eta Ttipi-Ttapak elkarlanean egiten duten edizio digitala Nafarroako medio digitalen artean erabiltzaile gehien eta audientziarik handiena duen hedabidea izateaz gain, Mendialdeko tokiko informazioaren kontsumoan oinarri-oinarrizko azpiegitura bihurtu dela. 2019ko datuak aztertuta, kopuruak adierazgarriak dira benetan.

2019 osoan 1.420.839 orri; 2020ko martxoan 225.050

2019 urte ona izan zen euskarazko hedabide digitalentzat. Nazioarteko joerei jarraiki, euskarazko medio digitalen kontsumoa %19 handitu zen batez beste 2018arekin konparatuz. Alabaina, ERRANen kasuan hazkunde hori %52koa izan zen, eta oraindik handiagoa da 2020ko urte hasierako datuekin konparatuz gero: %149,8koa zehazki. Baina zer da zehazki ikusitako orri kopurua kontzeptuarekin adierazi nahi dena? Bada, Google-k honelaxe zehazten du: bisita baten barnean, erabiltzaileak orri bat baino gehiago ikus ditzake; adibidez, portada eta gero albiste bat edo bi. Beraz, datu horrek epe jakin batean erabiltzaileei erakutsitako orri kopurua adierazten du. 

Batez bertze, hilero 20.918 erabiltzaile 2019an

Erabiltzaile kopuruari dagokionez, horrek ere hazkunde nabarmena izan du 2019an. Kopurua kalkulatzeko, Google-k bere kalkuluak egiten ditu eta, finean, epe jakin batean zenbat gailu sartu diren kontatzen ditu, eta horren arabera kalkulatzen du zenbat erabiltzaile izan dituen webgune batek. ERRANen erabiltzaile kopurua goraka doa progresiboki. 2018ko martxoan 12.726 erabiltzaile zituen; 2019ko martxoan 15.986, eta 2020 martxoan 37.606 erabiltzaile izan ditu. Gainera, bisiten batez bertzeko iraupena luzatu eta errebote tasa jautsi dela kontuan hartzen badugu, datuen irakurketa arras positiboa da.

Mugikorretatik sartzen dira erabiltzaile gehienak, %84,5

Facebook eta sakelakoen pisua

Euskarazko komunikabideak, eta zehazki tokikoak, ez daude nazioarteko joeretatik libre. Webguneetako trafikoaren analisian ere argi gelditzen da hori. ERRANi dagokionez, nabarmen, sarbide nagusia Facebook sare soziala da.
Bertzalde, webgunean sartzeko gailuei erreparatuz gero, etengabe hazten segitzen du trafiko osoan sakelako telefonoek duten pisua. 2018ko amaieran bisiten %64 mugikorretatik egiten zen, 2019ko abenduan %76, eta pasa den martxo akaberan kopuru hori %84,5ekoa zen. Ordenagailu arruntak bisiten %23 dira, eta tabletak, %2 pasatua.

Trafiko iturriak:
%42 Facebook
%28 bilatzaileak
%23 zuzenean

Batez bertze 17 eduki egunero

ERRAN webgunean 6.291 eduki argitaratu ziren 2019an, hau da, 17 eduki baino gehixeago egun bakoitzeko, batez beste.
Eduki horien artean gehienak artikuluak ziren (%66), ondotik audioak (%22), argazki galeriak (%9) eta gainerako %3a bideoak.

Bitxikeriak

Hauek dira 2019an ikustaldi gehien izan dituzten edukiak: 1. Jon Barberena bertsolaria eta idazlea hil da, 2. Maiatzeko udal hauteskundeak atal berezia, 3. Gure Zirkua Elizondora eta Leitzara etorriko da, 4. Bi zauritu Berako tunelaren irteeran izan den trafiko istripuan, eta 5. Zubigainekotik berdintasunerantz.

Apustu egokiaren emaitza

TOKIKOM euskarazko 66 toki komunikabidek osatutako sarea da, eta horien artean daude ERRAN, TTIPI-TTAPA eta XORROXIN irratia. «Edizio digitalak ateratzeko bakoitzak bere aldetik egiten zituen ahaleginak bateratzea» izan zen TOKIKOM gorpuztu ondotik bazkideek egin zuten apustua. Ahaleginak buruhauste eta lan handia ematen badu ere, datuek argi erakusten dute apustu egokia izan zela: euskarazko medioen batez bertzekoaren gainetik hazten ari gara urtez urte, eta hori arras seinale ona da. Historikoki, euskarazko toki komunikabideak sortzeko arrazoi nagusietako bat euskarazko edukien areagotzea da, eta zenbakiok argi erakusten dute zeregin horri ongi erantzuten diogula
Zenbakietatik haratago, edizio digitaletan egindako lanak ireki dizkigun bideak ere azpimarratu beharra dago. Elkarlanerako eta berrikuntzarako kultura bat zabaltzen ari gara pixkanaka, eta hainbat alderditan punta-puntako medioak garela erran daiteke: publizitaterako kanal digitala, kudeaketa aurreratuan egiten ari garen aurrerapausoak, Ttap eta Zut aldizkari digital natiboak sortu izana…
Tradizioz arazo eta desabantaila gisa bizi izan ditugun ttikitasuna gure aldeko tresna bihurtzen ari gara, saretzeak eta ahalegin ttikien batuketak ematen digun indarrari esker.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun