Nafarroako Gobernuak geratuetxean.nafarroa.eus webgunea aurkeztu du. Bertan, hainbat arlotako doako baliabide digitalak biltzen dira, herritarrei online hainbat aukera eskaintzeko, eta bide batez, COVID-19k sortutako salbuespenezko egoera honetan jarduerari eutsi ahal izateko.
Bertze proposamenen artean, administrazio elektronikora, prestakuntza-ikastaroetara, baliabide kultural edo kirol-arlokoetara eta komunikazio-tresnetara sartzeko aukera ez ezik, bizitza-estilo osasungarriari edo boluntariotza aukerei buruzko aholkuak ere ematen dira bertan.
Gunearen helburua da etxetik lanak egiten laguntzea eta eguneroko bizimoduko arlo ezberdinetan teknologia eta erreminta digital ezberdinak erabiltzeak dituen onurak eta aukerak erakustea.
Orrialdeak adin guztietara egokitutako baliabideak eskaintzen ditu, eta bederatzi ataletan banatzen da: digitalizazioa, prestakuntza, kultura, osasuna, aisia, komunikazioa, segurtasun digitala eta lankidetza:
- Digitaliz@tu: batetik, Administrazio Elektronikora sar daiteke, izapide ezberdinak kudeatzeko; eta, bestetik, Eraldaketa Digitalera, telelanari buruzko informazioa eta aro digitalarekin loturiko bestelako alderdiak ezagutzeko.
- Ik@si: atal honetan on line prestakuntza-baliabideak agertzen dira, hizkuntzak ikasteko nahiz Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak (IKT) erabiltzeko; hau da, adin guztietarako egokiak diren baliabideak. Atal honek ezagutza berriak hartzea edo gai berrietara hurbiltzea errazten du.
- Kultur@: diziplina artistiko ezberdinetara sar daiteke atal honetan; era horretan, museo ezberdinetarako bisita birtualak egin daitezke, opera entzun, antzerkia edo zinea ikusi, liburuak irakurri edo egun ezagunenak diren artisten kontzertuetara joan.
- Z@aindu eta Aktib@tu: atal hauetan osasun-arloko aholkuak ematen dira, bizitza-estilo osasungarrien ingurukoak, elikadura nahiz jarduera fisikoa bezalako alderdiak jorratuaz.
- Ondo p@asa: eskulanak egiteko, familian janaria prestatzeko edo jolasean eta denbora-pasak eginez gozatzeko aukera ematen du.
- Konekt@tu: atal honetan erreminta ezberdinak agertzen dira plataforma ezberdinen bitartez harremanetan egoteko. Horrez gain, horietara errazago sartzearren, teknologia erabiltzean zailtasunak izan ditzaketen pertsonentzat, erabilera-gidak jasotzen dira.
- Ziurt@tu: atal honetan Internetez ziurtasunez eta bermearekin nabigatzeko baliabideak jaso dira, erabiltzen diren gailuak salbu daudela eta datuak babesten direla ziurtatzeko, zenbait edukitara sartzea inolako arrisku bilaka ez dadin.
L@gundu: boluntariotzan aritzeko aukera guztiak Nafarroako boluntariotzaren web gunean kontsulta daitezke. Bertan, elkartasun ekintzak eta eskariak koordinatzen ari dira egungo erronka soziosanitarioari aurre egitearren. Halaber, kurba geratu orrialderako sarbidea eskaintzen da bertan, bizilagunen artean laguntzeko sareak ezartzeko asmoarekin, egoera honetan ahulenak direnei laguntze aldera.
Nabarmendu behar da eduki guztiak ez direla estatikoak, eta web gunea parte hartzeko eta elkarlanean aritzeko moduan sortu dela; beraz, herritarrek iradokizunak egiteaz gain, arlo ezberdinekin zerikusia duten edukiak jar ditzakete.