Covid-19 pandemiaren ondorioz eta alarma-egoerak behartuta, martxoan % 6,4 igo da langabezia Doneztebeko enplegu agentzian. Momentu honetan 787 langabe daude erregistratuak Doneztebeko agentzian. Nafarroa osoko datuei erreparatuz gero, igoera oraindik handiagoa da; martxoko aldakuntza %9,98koa da (3.390 langabetu gehiago) eta, osotara, 37.365 langabetu daude orain Nafarroan.
Nafar Lansarek ohar batean azaldu duenez, igoera hilaren bigarren astetik aitzinera gertatu da, alarma egoera ezarri eta jarduera eten ondotik. Egoera honetan, 3.390 langabetu gehiagorekin Nafarroa osoan, 2020ko martxoa da langabeziak hazkunderik handiena izan duen hirugarren hilabetea krisi ekonomikoa hasi zenetik: 2013ko urtarrilean 3.653 langabe gehiago erregistratu ziren eta 2009ko urtarrilean 3.419 langabe gehiago.
Egoera ikusita, hurrengo aste eta hilabeteetan langabeziak etengabe gora eginen duela aurreikusten dute.
Funtsezkoa izanen da, lehenik eta behin, osasun-krisia arintzea eta, bigarrenik, ekoizpen-jarduerari pixkanaka ekitea, enpleguan duen eragina ahalik eta denbora laburrenean murrizten saiatzeko. Jardueren arabera, hazkunderik handienak enpresentzako zerbitzuetan (+% 22,3), ostalaritzan eta ostatu-zerbitzuetan (+% 15,2) eta eraikuntza-zerbitzuetan (% 14,1) gertatu dira; aldiz, osasun-jardueretan, zahar etxeetako laguntzan, industria kimikoan eta farmazia-produktuetan, langabeziak % 10,3 eta % 4,2 egin du behera, hurrenez hurren.