Koronabirusa

Koronabirusaren garaian hileta-zerbitzuen, heriotzaren eta doluaren inguruko hausnarketa egin du Izarra Tanatorioak

Ttipi-Ttapa 2020ko mar. 30a, 19:30

Izarra Tanatorioko lan-taldea.

Koronabirusaren agerpenak sortutako egoerak kontuan hartzeko ertz aunitz ditu. Horietako bat da heriotza, dolua eta hileta-zerbitzuak. Horren inguruko hausnarketa egin du Izarra Tanatorioko Mikel Legarrak.

Koronabirusa birus ezezagun batek sortutako pandemia da. Horregatik, osasun arloko erakunde eta profesionalak lanean ari dira ikerketan eta ekintzak eta neurriak inprobisatzen.

Horrek ondorioak ditu hainbat arlotan, «hala nola sozialean, lanekoan, mediatikoan, politikoan eta emozioenean. Horrek bere ondorioak ekarriko ditu epe ertainean eta ondorioak izan beharko lituzke baita gizartea, harremanak eta globalizazioa ulertzeko moduan, eta arlo materiala eta gizatiarra orekaz kudeatzeko orduan,batez ere», Mikel Legarrak dioenez.

Erakunde bakoitza ahalik eta hobekien ari da moldatzen eguneroko egoera aldakor honetan. «Horrek esan nahi du –dio Izarra Tanatorioko ordezkariak– bakoitzaren egoerari egokitu beharra dagoela, helburu batzuei lehentasuna eman, eta askotan kontraesan handiak ekartzen ditu, eta are neurri batzuk, kontuan hartzen ez dituztenak ekarriko dituzten ondorioak. Badirudi neurrien zorroztasunari ematen zaiola lehentasuna ondorioen aldean».

Mikel Legarrak aipatutakoaren arabera, «aurretik garbi utzi nahi dugu errespetua diegula osasun arloan hartu diren erabakiei eta lanean diharduten profesionalei, gizartea pandemia honetatik babesteko asmoz ari baitira, eta haren hedapenaren ondorioak ahalik eta gehien murrizteko lanean, horretan jarriz beren gaitasuna eta ahalegina. Osasungintza bizitzak salbatzeko pentsatua eta antolatua dago. Osasun-arloko prebentziora zuzendua da eta, ezin bada, pertsonak sendatzera».

 

«Heriotza kudeatzen jarraitu behar dugu»

Osasun eta administrazio arlotik, heriotza da menderatu behar den etsaia. Baina Legarrak adierazi duenez, «ezin dugu ahaztu heriotza, egoera honetan ere, hor egonen dela, ez dela desagertuko, eta ez bakarrik koronabirusarengatik. Pertsonen bizitzako une larri hori kudeatzen jarraitu behar dugu».

Egoera hau sortzen ari den larritasuna eta estresa «ez dira aliaturik hoberenak erabaki profesional ongi pentsatuak hartzeko». Horregatik bere ikuspuntua eman nahi du Izarra Tanatorioko ordezkariak «hileta-zerbitzu gisa, gertatzen ari diren praktika batzuen aurrean, ez baitzaizkigu egokienak iruditzen».

  1. Hildakoa pertsona da. Agur esaten diotenentzat bere giza giroa zuen Izaki bat. Bere inguruan egin dituen lotura emozionalak ezin dira bukatutzat eman, baizik eta momentu garrantzitsu horretan egokituak eta gaurkotuak izateak merezi du.
  2. Heriotzak eskatzen du, bai zenduaren eta bai haren hurbilekoen aurrean, profesionaltasun gizatiar, tekniko eta psikologikorik egokiena bai osasun arloko profesionalen eta bai hileta-zerbitzuetakoen aldetik.
  3. Koronabirusaren infekziorik ez daukan hildako bati zergatik ezin zaio eman hildako batek merezi duen tratua, gutxieneko estetika-lanak egin eta agur egoki bat egiteko?
  4. Zergatik da “premia larrikoa” adibidez tabakoa eta ez agur gutxieneko eta egoki bat egitea norberaren hurbilekoenei?
  5. Administrazioak baditu neurri tekniko testatuak eta frogatuak pertsonen eguneroko bizitzarako. Zergatik ez dira horiek berak erabiltzen agur batean, heriotza batean edo dolu-egoera batean?
  6. Pertsona baten dolua gaizki hasteak ondorio lazgarriak ekar diezazkioke doluminduari. Nork hartzen ditu ondorioak bere gain? Beste behin ere ezkutatu egiten ditugu, saihestu, eta ikusezin bihurtzen ditugu. Pertsona bakoitzak ahal duen bezala kudeatu behar ditu.
  7. Hildakoak ez dira merkantzia hutsak. Dolua ez da sentipen abstraktua. Gizarteak ezin du, besterik gabe, heriotza desterratu, berez den baino tabu larriagoa bihurtuz. Heriotza bidelagun dugu, jaiotzen garenetik.

 

Izarran horrelako egoerak kudeatzeko orduan «profesionaltasunaren, hurbiltasunaren, gizatiartasunaren, enpatiaren, naturaltasunaren eta neurritasunaren aldeko apustua» egiten dutela gogorarazi dute. «Horregatik ahal dugun guztia eginen dugu jarrera gizatiar eta berrizalez era askotako tresna eta mekanismoak eskaintzeko hildako pertsonen hurbilekoei. Beti ere osasun agintarien erabakiak errespetatuz».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun