Koronabirusa

Konfinamendu osoa apirilaren 9ra bitarte, funtsezko jardueretarako izan ezik

Ttipi-Ttapa 2020ko mar. 29a, 20:00

Beran, lerroa, janari-denda batean erosteketak egiteko.

Pertsonen eta ibilgailuen joan-etorria «ahalik eta gehien murrizteko» eta ospitaletako Zainketa Intentsiboen Unitateak (ZIU) arintzeko asmoarekin, orain arteko neurri zorrotzenak hartu ditu Espainiako Gobernuak. Gaur, igandea, berretsi du ministroen kontseiluak atzo Pedro Sanchezek iragarritakoa: martxoaren 30etik apirilaren 9ra, ezinbertzekoak diren lanetara bakarrik joan ahalko da bihar. 

Funtsezkoak ez diren jardueretako langileak, datozen bi asteetan ez dira lanera joanen. Langile horiendako «ordainpeko baimen berreskuragarria» deitu dutena bideratuko du Espainiako Gobernuak. Hau da, lanera joan gabe kobratzen segituko dute eta zortzi lanegun horiek 2020ko abenduaren 31 baino lehen berreskuratu beharko dira; enpresaren eta langileen ordezkaritzaren artean negoziatuko da horretarako modua. Neurria ez zaie aplikatuko ERTE edo aldi baterako lan erregulazio espediente batean dauden langileei, bajan daudenei, aitatasun eta amatasun baimena dutenei eta telelanean ari direnei.

Zerrenda ofizialaren zain

Igandeko ministroen bileran erabaki dute zeintzuk izanen diren martxoaren 30etik apirilaren 9ra mantenduko diren jarduerak, «ezinbertzekoak» izateagatik. Zerrenda ofiziala, Espainiako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da astelehenean, 00:00etan.

Ezinbertzekoak diren lan jarduerak (zerrenda ez ofiziala); hauetako batzuk Larrialdi Egoerako dekretuan zeuden dagoeneko:

  • Medikuntza eta osasunarekin lotuak dauden jarduerak eta farmaziak.
  • Elikagaiak ekoizteko nekazaritza, arrantza eta abeltzaintza jarduerak. Elikagaien eta salgaien garraioa eta premiazko lehengaien dendak. Baita nekazaritza, haragi eta arrantza-produktuak prozesatzeko lantegiak.
  • Optikak eta ortopedia-produktuak.
  • Higiene-produktuak fabrikatzen dituztenak.
  • Gasolindegiak eta petrolioa fintzea eta erregaien hornidura.
  • Tabako-dendak.
  • Komunikabideak, kioskoak eta papertegiak.
  • Animalientzako janariak ekoizten dituztenak.
  • Telekomunikazioen operadoreen konponketa eta mantenu lanetarako langileak, datuak prozesatzeko zentroak eta instalazioetarako telekomunikazio-enpresak.
  • Garraio sareen datuak, operazioak eta mantenuak kudeatzeko langileak; argindarra, gasa eta ura banatzeko enpresak; eta energia sortzen duten enpresak.
  • Suteak prebenitzeko eta itzaltzeko beharginak.
  • Lantegi petrokimikoak, elektrikoak edo nuklearrak.
  • Itsas-salbamendurako eta segurtasunerako langileak.
  • Portuak eta aireportuak.
  • Tren-azpiegiturak.
  • Adineko pertsonak zaintzen dituztenak, adinekoen egoitzetan lan egiten dutenak edo mendekotasun egoeran daudenak zaintzen dituzten langileak. Baita etxe-garbitzaileak ere.
  • Metalgintza eta labe garaiekin loturiko industria, industria elektro-intentsiboa eta meatzaritza jarduerak.
  • Berunezko bateriak ekoizten dituztenak.
  • Industria aeroespaziala eta defentsarako materiala ekoizten duen industria.
  • Finantza zerbitzuak eta aseguruekin loturiko jarduerak.
  • Indarkeria matxista pairatu duten biktimak artatzeko zerbitzuak.
  • Hileta zerbitzuak.
  • Garbiketa zerbitzuak eskaintzen dituzten enpresa eta langileak.
  • Errefuxiatuen harrera zentroak.
  • Posta zerbitzua.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun