Koronabirusa

Funtsezkoak ez diren lanetan aritzen diren langileak etxean gelditu beharko dira apirilaren 9ra arte

Ttipi-Ttapa 2020ko mar. 29a, 08:00

Espainiako Gobernuak funtsezkoak ez diren jarduera guztiak geldiaraziko ditu apirilaren 9ra arte. Langileek ohiko soldata jasoko dute, eta lanorduak gero eginen dituzte

Pedro Sanchez Espainiako presidenteak jakinarazi duenez, funtsezkoak ez diren lanetan aritzen diren langileak etxean gelditu beharko dira martxoaren 30etik apirilaren 9ra. Espainiako Gobernuaren asmoa mugikortasuna ahalik eta gehien murriztea da. Erabateko itxialdiari alternatiba bat dela erran du Sanchezek, beraz, langileak etxean dauden bitartean soldata jasotzen segituko dute, baina gero lan ordu horiek berreskuratu beharko dituzte.

Funtsezko jardueren zerrenda:

  • Elikagaiak ekoizteko jarduerak. 
  • Elikadurak garraiatzeko jarduerak. 
  • Elikagaiak banatzeko jarduerak. 
  • Osasun eta farmazia arloko jarduerak. 
  • Estatuko segurtasun indarrak. 
  • Bidaiari eta merkantzia zenbait garraio. 
  • Energia elektrikoaren sorkuntza eta banaketa. 
  • Ura eta gasa banaketa. 
  • Petroleo fintze, erregai banaketa eta gasolindegiak. 
  • Telekomunikazioak. 
  • Kaiak eta aeroportuak. 
  • Komunikabideak. 

Eta etxetik lan egiten dutenek?

Ez dute zertan gelditu behar euren jarduna, nahiz eta funtsezko sektoreetakoak ez izan. Berdin segituko dute lanean, eta ezinezkoa den kasuetan —euren enpresek jarduna erabat eten dutelako, adibidez—, bi asteko baimen ordaindua hartu ahalko dute, lantokira joan ezin direnek bezala.

Nola ordainduko dira lan gabe egindako orduak?

Enpresek ordainduko dituzte, baimen gisa. Bi asteko iraupena izanen du etenaldiak. Diru hori langileek itzuli beharko dute euren lanarekin. «Osasun larrialdia» amaitzean, egin gabeko lanorduak berreskuratu beharko dituzte, «pixkanaka eta denboran zehar». Langileek enpresariekin adostu ahal izanen dute lan orduak nola gehitu —egunero ordu erdi gehiago eginez, edo beste modu batera—. Abenduaren 31 arteko epea izanen dute horretarako.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun