Kontuan hartzeko oharrak
1-Lantokietara ibilgailuetan egin beharreko joan-etorriak
Beharrezkoak diren segurtasun neurriak hartuta, lantokira joateko ibilgailu bakoitzean bat baino gehiago joan daitezkeela jakinarazi dute. Auto batean bi langile joan daitezke, gidaria eta bertze bidaiaria gibeleko aldean, kopilotoaren gibelean. Bederatzi lagunentzako furgoneta batean, berriz, hiru lagunek izanen dute ibiltzeko aukera, beti ere, segurtasun tartea mantenduta. Hala ere, gidariaren gibeleko jarlekuan ezin izanen du inork ibili.
Nekazariek eta abeltzainek ez dute lantokira joateko akreditaziorik beharko, baina «arazorik sortu ez dadin», abeltzain-txartela, Abeltzaintzako Ustiategien Erregistroaren kopia (REGA) edo ustiategiaren datuak jasotzen dituen idatzia eramateko aholkatu dute.
2-Nekazaritzako eta abeltzaintzako produktuen dendak eta kooperatibak
Nekazaritzako eta abeltzaintzako jarduna mantentzeko behar diren pentsuak, botikak, desinfektatzaileak, lastoa edo ahotza, albaitaraitzako produktuak, eta gainerakoak saltzen dituzten dendak eta kooperatibak irekiak mantendu daitezkeela eta irekiak mantendu behar dutela dio Ministerioaren oharrak.
3-NPB edo PACaren epea ekainaren 15era luzatua
Nekazaritza Politika Bateratuaren laguntza zuzenak jasotzeko eskaerak aurkezteko epea otsailaren 1etik apirilaren 30era bitartekoa bazen ere, ekainaren 15era luzatzeko aukera adierazi dute. Alarma egoeran eskaerak telematikoki aurkezteko bideak erraztuko dituztela gaineratu dute.