Koronabirusa

Osasun egoeragatik kezkaturik itxi dituzte Arcelor Mittaleko Lesakako eta Legasako lantegiak

Ttipi-Ttapa 2020ko mar. 25a, 10:56

Lesakako ArcelorMittal enpresaren lantegiak produkzioa eten eta apirilaren 6ra arte guttienez itxita egonen da.

Koronabirusarengatik kutsatuak egon daitezkeela eta, bederatzi langile etxean isolatuta daudela jakin ondotik hartu dute erabakia

 

Arcelor Mittaleko Lesakako eta Legasako lantegiek ateak itxi dituzte martxoaren 25etik apirilaren 6ra arte guttienez. Martxoaren 24an urgentziaz bildu ziren Langileen Batzordea eta zuzendaritza, koronabirusarengatik kutsatuak egon daitezkeela eta bederatzi langile isolatuta daudela jakin ondotik, lantegiaren egoera jakiteko. Produkzioa mantentzeko oraingoz lan-karga nahikoa baden arren, ixtea erabaki du enpresak, osasun egoeragatik kezkaturik.

Oraindik gaur eta bihar kamioiak ailegatuko dira lantegietara, eta beraien zamak uzteko eta eramateko aukera izanen dute, baina ez da produkziorik izanen.

Langileek zein baldintzatan utziko duten lana zehazteko ere solastatu zuten. Instalazioak itxi behar direnez, lan-hitzarmenean ageri denez, egunen %50a oporretatik hartu beharko dituzte langileek. Horrela jakinarazi zuen zuzendaritzak. Langile Batzordearen ustez, ordea, «oraingoa osasun arazoa da, prebentzio moduan langile batzuk isolatuta daudelako eta gainerako langileak ere halaxe egon beharko lukete». Zuzendaritzak aipatu zuen Nafarroako Gobernuaren protokoloa bete dutela eta «horren arabera, denbora labur batean kutsatuta egon daitezkeenekin egoteak ez duela erran nahi kontaktuan egon direnik».

Opor-egunak dagoeneko beteak dituzten edo geldialdi guztirako ailegatzen ez zaizkien langileei «oporrak edo ERTEa aukeran» emanen zaizkiela ere jakinarazi zion zuzendaritzak Langileen Batzordeari. ERTEa izatekotan, «hitzarmenean ageri dena aplikatuko dela ere jakinarazi zuen zuzendaritzak, soldata gordinaren %90a ordainduta eta ez ezinbertzeko kasuena». Egoera aldatuko ez balitz, apirilaren 6tik aitzinera nola jokatu ere aztertuko du enpresak.

Langileren batek koronabirusaren sintomak baldin baditu medikuarekin harremanean jartzeko eta isolamendua agintzen badio, medikuaren baja eskatzeko eta enpresari egoeraren berri ematea eskatu dute ELA sindikatutik.

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun