Eskubide Sozialetako osasun-langileek adinekoen Nafarroako 83 egoitzak bisitatzen ari dira aste honetan, haien egoera ikuskatzeko eta Covid-19ren kontrako neurriak hartzeko. Desgaitasunen bat duten 51 zentroak ere bisitatuko dituzte, bertze bertze, tutoretzapeko etxebizitzak, eta koronabirusean kasu positiboren bat egiaztatuta duten zentroak lehenetsi dira.
Neurri hau gehitu zaio Eskubide Sozialetako Departamentuak adinekoen eta desgaitasuna duten pertsonen zentroetarako azken asteetan aktibatutako jarduera-multzoari, talde horien arreta bermatze aldera, koronabirusaren aitzinean bereziki ahulak izanik. Zenbait neurri Osasun Departamentuarekin koordinatuta erabaki dira; hala nola, protokolo berria, astelehenean, martxoak 23, indarrean sartutakoa, eta atzo, prentsaurrekoan, Eskubide Sozialetako kontseilari Carmen Maeztuk eta Osasun Departamentuko kontseilari Santos Indurainek aurkeztu zutena. Maeztuk honela adierazi zuen: «gure helburua epidemiak aurrera ahalik eta gutxien egitea da eta profesionalak eta erabiltzaileak babestea».
Jarduera horiekin bi Departamentuen arteko osasun-koordinazioa indartzen da, hain beharrezkoa izanik koronabirusa gerarazteko borrokan, eta egoitzek, positiboren bat diagnostikatutako kasuan, erizaintzako langile gehiago izatea ahalbidetzen dute, erreferentziazko Osasun Zentroan dagozkien talde medikoez gain.
Eskubide Sozialetako Departamentuak abian jarritako aginte-koadroaren bitartez jasotzen ari diren informazioarekin (egoitza guztien eguneroko egoeraren berri ematen da), Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako (ANADP) eta Nafarroako Osasun Zerbitzu-Osasunbideko (NOZ-O) langileek parte hartzen duten talde koordinatzailea egunero bilduko da goizeko lehen orduan, eta profesionalak nola banatu erabakiko du. Talde hori jada abian da.
Bertze neurrietako bat da espazio bat jartzea baliabide egokiekin, egoitza-zentroetatik kanpo isolatzeko premiei (hala behar izanez gero) estaldura espezifikoa emateko.
Informazio hori dagoeneko bidali da Nafarroako Lehen Arretako Osasun Zentro guztietara eta adinekoen eta desgaitasuna duten pertsonen egoitza-zentroetara.
Eskubide Sozialetako osasun-taldeen errefortzua egoitza-zentroetan
Abian jarritako Osasun-talde horiekin Eskubide Sozialetako Departamentuak pasa den astean mobilizatutakoak indartuko dira: Medikuntzako 3 profesional, Erizaintzako 4 profesional eta mendekotasuna baloratzeko taldeetako 8 profesional, salbuespen gisa jarri direnak adinekoen eta desgaituen zentroei laguntza emateko. Taldeak euskarri logistikoa eta antolakuntzakoa ez ezik, aholkularitza ere ematen du, eta zentroetara joaten da horrela eskatutakoan. Modu horretan, nola jardun eta zein neurri hartu adierazten dituzte kasuen arabera. Taldea zentroen eskura dago eguneko 24 ordutan.
Astea bukatu baino lehen, Nafarroako zentro guztiak bisitatuko dituzte, banan-banan: adinekoen 83 zentro eta desgaituen 51 zentro (tutoretzapeko etxebizitzak barne), positiboren bat berretsitakoei lehentasuna emanaz. Neurri horien bitartez, Eskubide Sozialetako Departamentua egiten ari den monitorizazioari batuta, uneoro jakin ahal izango da zentroak zer-nolako egoeran aurkitzen diren; era berean, premia zehatzak artatu ahal izango dira, egoiliarren kasuan nahiz profesionalen egoerari erreparatuta.
Neurri horiek zentroetan Covid-19 birusari eusten laguntzen dute; izan ere, egun, adinekoen 83 zentrotatik 68tan ez da kasu positibo bakar bat ere berretsi eta berdin orain arte monitorizatutako desgaituen 17 zentrotatik 16tan.
Une honetan, guztira, 51 pertsona daude positiboa emanda adinekoen egoitza-zentroetan, eta guztira 6.611 pertsona bizi dira; beraz, egoiliarren %0,67a. Modu berean, 86 profesional daude bajan sintomak izateagatik, eta sektorean gutxi gorabehera 4.000 pertsonak egiten dute lan.
Datozen egunetarako agintariek aurreikusitako gorakadaren aitzinean, Eskubide Sozialetako Departamentua une honetan kudeatzen ari da isolamendua eskatzen duten eta, hortaz, zentroan egon ezin duten kasuei ostatua emateko aukerak.
Krisiaren hasieratik abian jarritako jarduerak
Koronabirusaren krisia hasi zenetik, Eskubide Sozialetako Departamentua etengabe harremanetan egon da zentroekin, hartzen joan diren neurri ezberdinen berri emateko, haiei eragiteagatik.
Martxoaren 6an jada Osasun Ministerioaren dokumentuak bidali zitzaizkien, egoitzek jarraitu beharreko jarduera-arauekin. Handik bi egunera, adinekoen egoitzetako arduradunei bilera baterako deia egin zitzaien Iruñean, eta 80 bat pertsona bildu ziren, honako hauekin batera: Eskubide Sozialetako arduraduna, zehazki Ines Frances, ANADP Elkartearen zuzendaria; eta Alberto Sola, El Vergeleko medikua; Gaixotasun Kutsakorren eta Txertaketaren Ataleko buru den Aurelio Barricartez gain, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutukoa (NOPLOI).
Bi egun beranduago, nola jardun jakiteko adierazpenak bidali zituzten berriro ere adinekoen eta desgaituen zentroetara, martxoaren 13ko 3/2020 Foru Aginduari jarraiki. Komunikazio hartan Osasun Ministerioaren eta Nafarroako Gobernuaren linka sartu zen, gaixotasunaren plan eta protokoloen informazio eguneratua eta bilakaera-datuak jasotzen dituena.
Era berean, martxoaren 18ko Foru Lege Dekretua onartu zela jakinarazi zieten, koronabirusaren (COVID-19) osasun-krisiak eragindako inpaktuari erantzuteko premiazko neurriak onartuta, eta, bereziki, neurrietako bat; hau da, Foru Komunitate osoan salbuestea krisian zehar zaintzaileak kontratatzeko kualifikazio eta akreditazio baldintzak eskatzea. Informazio hori berehala jakinarazi zitzaien zentroei.
Informazio guztia etengabe eguneratu da. Martxoaren 19an, zentroetara beste behin bidali zuten COVID-19 epidemiaren aurrean jarduteko neurrien protokoloaren eguneratzea; horrez gain, langileentzat PCR zehazteari buruzko informazioak eta egiteko prozedura ere bidali ziren.
Azken komunikazioetako bat Osasun Ministerioaren xedapen bat da, adinekoen egoitzen eta egoitza sozio-sanitarioen gaineko neurriei buruzkoa, martxoaren 21ean, larunbatean, BOEn argitaratua, egoiliarrak esposizio/sintomen mailaren arabera sailkatzeko modua ezartzen duena. Zentroek jarraibide horiek jarraitu beharko dituzte osasuntsu dauden pertsonen arteko kontaktuak gutxiagotzeko eta kaltetuak isolatzeko diagnostikoaren berreste-mailaren arabera.
Aldi berean, koordinazioa burutu da estatu-mailan, IMSERSOrekin egindako bi bideokonferentziatan eta hirugarren bat Eskubide Sozialetako Ministroarekin. Horietan gainerako autonomia-erkidegoek parte hartu dute.
Toki-mailan, Gurutze Gorriarekin elkarlanean, adinekoei zuzendutako ekintzak abian jarri dira, elikadurak emateko nahiz bestelako premiak artatzeko, eta, bereziki, isolamendu eta bakardade egoerak arintzeko, telefono deien bitartez.