Koronabirusa

Koronabirusaren eraginari aurre egiteko funts ekonomikoak jarri dituzte martxan Espainiako eta Nafarroako Gobernuek

Ttipi-Ttapa 2020ko mar. 18a, 16:30

Koronabirusaren eraginak ekonomian eta arlo sozialen eragin ditzakeen ondorioak apaltzeko neurriak iragarri dituzte.

Espainiako Gobernuak, asteartean onartu zuen dekretua: 200.000 milioi euro bideratuko ditu arlo ekonomikoan, sozialean eta osasun arloan eragiteko. Nafarroako Gobernuak  martxoaren 18an egindako gobernu kontseiluaren ondotik jakinarazi du 100 milioi euroko funts bat jarriko duela martxan ezohiko gastuei aurre egiteko.

Aurrekaririk ez duen neurria iragarri zuen, martxoaren 17an, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak: dekretu bidez, 200.000 milio euroko funts ekonomikoa martxan jartzea. Espainiako urteko Barne Produktu Gordinaren %20 adinakoa da kopruua, ekarpen publiko eta pribatu bidez osatuko dena.  Egoera ekonomiko ahula duten familiak babesteko neurriak, langile eta enpresei eragiten dietenak iragarri dituzte.

  • ENERGIA ETA URA
    Ahulezia ekonomikoan dauden familiek bermaturik izanen dituzte energia, ura eta telekomunikazio zerbitzuak. Langabezian dauden pertsonei eta diru sarrerak murrizturik dituzten autonomoek baliatu ahal izanen dituzte laguntzak, baita adinekoak eta gaitasun urriko pertsonak zaintzen dituztenek ere.
  • HIPOTEKEN ORDAINKETAK GIBELERATU
    Beren lehen etxebizitzaren hipoteka pagatzen ari diren pertsonek datozen hilabeteetan egokitzen zaizkien ordainketak gibeleratu ahal izanen dituzte, koronabirusarengatik diru sarrerak txikitu edo langabezian geratu badira (baldintza horiek betetzen dituztela frogatu beharko dute).
  • LANALDIA MURRIZTU
    Etxean zaintza lanak egiteko beharra duten langileek lanaldia murrizteko eskubidea izanen dute: lanaldiaren %100era arte. Ikastetxeak itxita egotea nahikoa izanen da zaintza hori egin behar dela frogatzeko. Lanaldiaren murrizketa hori, dena den, ez dute diru sail berezi batekin lagunduko.
  • ENPLEGU ERREGULAZIOAK
    Aldi baterako lan erregulazio dosierrak zazpi eguneko gehienezko epe batean onartuko dituzte koronabirusarekin lotutakoak badira: horretarako, sindikatuekin egin beharreko kontsulta epeak hamabost egunetik zazpira txikituko dira. Horrela, langabezia saria jaso ahal izanen dute beren jatorrizko diru saria gastatu gabe: erregulazioak irauten duen bitartean ez da jatorrizko langabeziak dakarren diru laguntzatik ezer gastatuko. Gainera, kotizatzen denbora nahikorik eman ez dutenek ere laguntza jasoko dute, betiere, koronabirusak eragindako egoerak bultzatu baldin badu erregulazioa.
  • AUTONOMOENTZAT LAGUNTZAK
    Autonomoentzat ere badira neurri lagungarriak. Enpleguari eusten badiote, enpresa txikiek eta ertainek %75eko merkatzea izanen dute datozen hilabeteetan, eta autonomoek, %100ekoa; alegia, ez diote kotizaziorik pagatuko Gizarte Segurantzari koronabirusarengatik diru sarrerak erabat murriztu dituztela erakusten badute. Lanaldiak murrizteko aukera baliatzeko eskatu zien Sanchezek, inor kaleratzen hasi aurretik. Krisia aldi baterako dela kontuan hartzeko eskatu zien enpresari txikiei, etorri bezala joan eginen dela, eta joatean enpresek zutik egon beharko dutela hazkundearen bideari heltzeko berriro.
  • ENPRESA HANDIEI ESKAERA
    Enpresa handiei berriz, aldi baterako erregulazioak erabiltzeko eskaria egin diete: ez kaleratzeko beharginak, estatuak langileen kotizazioekin lagunduko duela, erregulazio dosier horien bidez, eta likidezia amaigabea agindu zien. 100.000 milioi euroren lerro publikoa martxan jarriko da, eta maileguen bermea estatua bera izanen da.

100 milioi euroko funts bat sortuko du Nafarroako Gobernuak

Neurri hauen osagarri izanen den foru dekretua onartu du gaur, martxoak 18, Nafarroako Gobernuak. Dekretuarekin hainbat sektoretan sortutako ezohiko gastu bereziei aurre egin nahi die. Horretarako, 100 milioi euroko funts bat sortuko du gobernuak, baina beharren arabera zabaldu daitekeela iragarri dute. Laguntza hauekin, hauek dira babestu nahi dituzten esparruak:

  • Egoera zailean dauden haurren elikadura bermatzea.
  • Eguneko zentroak itxi direnez, adineko pertsonen zaintza lanak egiteko baldintzak aldatuko dituzte: Gizarte eskubideen departamenduak hartuko du kontratazioen ardura eta egoeraren kudeaketaren ardura.
  • Osasun arloko profesionalen kontratazioak errazteko beharrezko neurri guztiak hartuko dituzte eta «ezohiko zerbitzuak» eman beharko dituztela iragarri du Txibitek.
  • Enpresei finantza operazioei eta gastu arruntei aurre egiteko likidezia bermatuko zaie abalen bidez. Gainera, zergen ordainketen epea gibeleratuko dute, gutxienez, apirilaren 30era arte. 

 

 

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun