Koronabirusa

Turismoaren sektorea ere kinka larrian utzi du koronabirusak

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2020ko mar. 18a, 12:00
Patxiku Irisarri, Baztan-Bidasoa Turismoa Elkargoko presidentea.

Aste Santua galdutzat eman dute, baina epe luzeagora ere eragina sumatzen hasiak direla aipatu digu Patxiku Irisarri Baztan-Bidasoa Turismoa Elkargoko presidenteak

Koronabirusaren osasun-krisiak sektore guztiak ukituko dituela nabarmena da. Horietako bat turismoarena da. Baztan-Bidasoa Turismoa Elkargotik jakinarazi dutenez, «San Jose Zubirako eta Aste Santurako dena anulatua dago, jatetxeak eta aktibitate enpresak itxita». Egun horietarako inprimatuak zituzten bisita gidatuen esku-orriak ere biltegian geldituko dira.

Baina epe laburrera ez ezik, epe luzean ere sumatuko dutela dio Patxiku Irisarri, Baztan-Bidasoa Turismoa Elkargoko presidenteak. «Sektore guztietan eragina nabarmena izanen da, baina jendeak gerrikoa estutu behar badu, guretik hasiko da. Landetxe batean edo hotel batean astebete egin ordez asteburua eginen dute, egiten badute; eta jatetxe batean bazkaria enkargatu beharrean, piknik-a mendian edo barbakoa bat eginen dute etxean».

Hori Gainkoborda bere landetxean ere sumatzen hasia da: «abuzturako erreserbaren bat ere bertan behera utzi dute dagoeneko. Autonomoa da eta ez daki orduan egoera nola egonen den…».

Etorkizunera begira, onera etortzeko sektore guztiek laguntza beharko dutela aipatu digu Irisarrik, baita turismoarenak ere… «Garai batean, Nafarroako Gobernuak 'Navarra te recibe gratis' kanpaina sustatu zuen eta horrelakoak eta gehiago beharko ditugu».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun