Koronabirusa

Zer egiten ahal da eta zer ez?

Ttipi-Ttapa 2020ko mar. 16a, 12:30

Berako Altzate karrika hutsik eta dendak itxita.

Koronabirusari aitzin egiteko, etxean konfinatzeko agindua dute herritarrek eta baldintza zehatz eta zorrotzak ezarri dituzte etxetik ateratzeko. Jende pilaketak saihestu nahi dituzte eta etxetik ateratzea baimenduta dagoen kasuetan, elkarregandik guttienez metro bateko distantzia gorde behar da.

Etxetik zertarako atera daiteke?

  • Jatekoa, botikak eta beharrezko produktuak erosteko.
  • Osasun zerbitzuak jasotzeko.
  • Lanera joateko –ixteko agindua duten lantokien kasuan izan ezik–.
  • Adinekoak, haurrak edo menpekotasuna dutenen zaintza lanak egiteko.
  • Bankura edo aseguru etxera joateko.
  • Arrazoi larriren bat tartean baldin bada.
  • Etxeko animalia paseatzeko.

Kirola egitera edo buelta bat ematera atera daiteke?

  • Ezin da parkera, frontoira, kiroldegira edota liburutegira joan. Gainera, eskualdeko udal gehienek udal eraikinak ixtea erabakia dute.
  • Kirola egitera ere ezin da etxetik atera.
  • Ezin da karrikan lagunekin edo senideekin gelditu, ezta norbaiten etxera joan ere. Zaintza lana egiteko edo larrialdiren bat baldin bada bai, baina bertzela ez.
  • Udaletxeetan eskaerak telefonoz edo posta elektronikoz egiteko eskatu dute.

Zein denda edo lantoki egonen dira zabalik?

Espainiako Gobernuak enpresa pribatu zein publikoei telelana bultzatzeko dei berezia egin die.

  • Janari eta edari-dendak, botikak, osasun zentroak, optikak, produktu ortopedikoen dendak, garbiketa produktuen dendak, prentsa dendak, estankoak, animalientzat jatekoa saltzen duten dendak, tindategiak, ile-apaindegiak –etxez etxeko zerbitzua–, Internet bidezko erosketak, produktu eta zerbitzu teknologikoak eta telekomunikazioak saltzen dituzten dendak.
  • Ostatuak eta jatetxeak itxita. Baina etxez etxeko zerbitzua eskaintzeko aukera izanen dute.

Garraio zerbitzuak

  • Etxetik ateratzea baimenduta dagoen kasuetarako baldin bada, ibilgailua hartu daiteke, baita garraio publikoa ere. Hori bai, txartelekin ordaintzeko agindu dute.

Debekuari kasurik ez egitearen ondorioak

  • Salbuespen egoeren gainetik, etxetik ateratzeko debekua ez errespetatzeak 100 euro eta 600.000 euro bitarteko isuna jaso dezake.

Noiz arte iraunen du alarma egoerak?

  • Atzo sartu zen indarrean eta guttienez hamabortz egunez iraunen du, hau da, martxoaren 29ra arte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun