Espainiako Gobernuak beharrezkoak ez diren joan-etorri oro debekatu ditu iragarri dituen hainbat neurrien artean. Herritarrek etxetik ateratzeko duten aukera honako hau da:
- Elikagaiak eta beharrezko produktuak erosteko
- Osasun zerbitzuak jasotzeko
- Lanera joateko
- Zaintza lanak egiteko
- Finantza erakundeetara joateko
- Etxera bueltatzeko
- Ezinbertzeko egoeretarako
- Justifikatutako bertze ekintza batzuetarako
Enpresa pribatu zein publikoei telelana bultzatzeko dei berezia egin die. Espainiako Gobernua bera da agintaritza eskuduna alarma egoerari lotutako edozein erabaki hartzeko. Horren arabera, Foruzaingoa Espainiako Barne Ministerioaren erranetara geldituko da, eta Osasun Ministerioak emanen ditu osasun arloko irizpideak; baita Osasunbideari dagozkienak ere.
Alarma egoerak Espainiako lurralde osoari eraginen dio. Espainiako Gobernua da agintaritza eskuduna. Eta agintaritza delegatuak, Barne, Defentsa, Garraio eta Osasun ministroak. Polizia guztiak Barne Ministerioaren aginduetara geratuko dira.
Nafarroako Gobernuak Foru Komunitatearen berezitasunera egokitu ditu koronabirusaren alarma-egoeratik eratorritako xedapenak
Hezkuntzaren, epaileen eta kulturaren arloko neurriak:
Zehazki, Foru Aginduak honako prebentzio-neurri hauek ezartzen ditu:
- Aurrez aurreko hezkuntza-jarduera oro etetea, ikastetxe eta maila guztietan, irakastorduak edo eskolaz kanpokoak, publikoak zein pribatuak, zero urtetik unibertsitatera, hezkuntza-jarduera osagarriak barne.
- Enplegurako lanbide-heziketa ematen duten erakunde publiko edo pribatu guztietan, autonomoetan, ekintzaileetan eta gizarte-ekonomiako erakundeetan aurrez aurreko prestakuntza-jarduera etetea.
- Justizia-jauregien eta bake-epaitegien bulegoak jendearentzat ixtea, hargatik eragotzi gabe funtsezko zerbitzuei eustea, Justizia Ministerioarekin eta Nafarroako Auzitegi Nagusiarekin koordinatuta.
- Haurrentzako aisialdirako lokalak eta ludotekak jendearentzat ixtea.
- Nafarroako liburutegi publikoen sarea eta kudeaketa edo titulartasun publikoko museoak publikoari ixtea.
- Titulartasun publikoko ikasleen egoitzak eta gazteentzako aterpetxeak ixtea.
Ostalaritzako eta aisialdiko establezimenduak ixtea:
Foru Aginduak honako jarraibide hauek ezartzen ditu ostalaritza, aisia, kirol, kultura, gizarte, erlijio edo zezenketetako jarduerak egiteko.
- Taberna, jatetxe eta kafetegiak publikoari ixtea, eta etxez etxeko bidalketa-zerbitzuak edo lokalean jasotzeko zerbitzuak eman ahal izanen ditu. Aipatutako itxierak ez die eragiten hotel-establezimenduen jatetxe-zerbitzuei, baldin eta establezimendu horien bezeroei soilik zuzentzen bazaizkie, ez eta funtsezko zerbitzu publikoak emateko instalazioetako establezimenduei ere. Txikizkako merkataritzari dagokionez, Errege Dekretuan xedatutakoa aplikatuko da. Nolanahi ere, elikagaien eta behar-beharrezko produktuen txikizkako saltokien jarduera bermatuko da, hala nola fruta-dendak, harategiak, arrandegiak, okindegiak, farmaziak, estankoak, gasolindegiak, kioskoak eta elikagai-dendak. Azalera handien kasuan, elikadura-establezimenduak eta behar-beharrezko produktuak soilik egon ahal izanen dira jendearentzat irekita.
- Zinemak eta antzokiak, joko-establezimenduak, kontzertu-aretoak eta auditorioak, azoka-esparruak, aisia- eta entretenimendu-establezimenduak – Dantzalekuak, diskotekak, pubak, ikuskizun-kafeak eta baliokideak –, elkarte gastronomikoak, aisialdirako gune pribatuak (hala nola gaztetxeak, gelak, txabiskeak, piperrak/pipoteak edo baliokideak) eta Donejakue bideko aterpeak ixtea.
- Jendaurreko ikuskizunetarako, jolaserako eta aisialdirako, kultur-jardueretarako, erlijio-jardueretarako, zezenketetarako, kirol-jardueretarako edo antzekoetarako espazio itxi edo irekietan ekitaldi kolektiboak etetea, titular, kudeatzaile edo antolatzaile publiko edo pribatu batek eskainita ere. Hileta-elizkizunei dagokienez, gehienez heren bateko edukiera ezartzen da tanatorioetarako eta beilatoki espazioetarako, eta gehienez 25 lagunekoa hileta-segizioari laguntzeko.
- Instalazioak, pabiloiak, kirol-esparruak, gimnasioak eta igerilekuak ixtea. Edozein maila eta kategoriatako kirol-ekitaldi profesionalak eta ez-profesionalak, nazioko eta nazioarteko lehiaketetakoak, etetea.
Kolektibo ahulen babesa
Azkenik, kolektibo espezifikoak babesteko neurri hauek ezarri dira:
- Adinekoentzako eguneko zentroen irekiera etetea, bai eta adinekoentzako egoitza ez diren jolas-zentroena ere, hala nola etxeak, klubak eta bizikidetza- eta aisialdi-zentroak.
- Adinekoentzako, adingabeentzako eta desgaitasuna duten pertsonentzako egoitza-zentroetan egoiliar bakoitzak egin beharreko bisitak mugatzea, zentroko zuzendaritzak zehaztutako ordutegian. Muga hori aplikatuko da, kasu jakin batzuetan izan ezik; kasu horietan, zentroko zuzendaritzak zaintzako eta humanizazioko beste galera batzuk hartuko ditu.
- Arnas infekzio akutuaren sintomak (eztula, sukarra edo arnas zailtasun akutua) dituzten pertsonak debekatuta daude adinekoen eta desgaitasuna duten pertsonen egoitzetara sartzeko.
- Adineko pertsonei zuzendutako taldeko jarduerak etetea.