Nafarroako Herri Kirol Federazioak ohar bidez jakinarazi du, Nafarroako Kirolaren Institutuak 15 egunez bertan behera utzi dituela Nafarroako Kirol Jokoetako txapelketa guztiak, eta tartean, igande honetan eta hurrengoan jokatzekoak ziren herri kirol jokoetako saioak.
Bide beretik, Nafarroako Futbol Federazioak ere ondoko bi asteetan jokatzekoak ziren futbol eta areto partidak ez jokatzea erabaki du, baita entrenamenduak ere eta entrenatzaile eta arbitroentzako egitekoak ziren ikastaroak ere ez ditu eginen. Bertzetik, Osasuna Fundazioak bere futbol eskoletan –tartean eskualdekoak– entrenamendurik ez egitea erabaki du.
Erabaki bera hartu du Nafarroako Eskubaloi Federazioak, profesionalen eta amateurren mailetako txapelketa guztietako eskubaloi partidak bertan behera utzi baititu, baita ikastaroak ere. Nafarroako Saskibaloi Federazioak ere txapelketak gibelatzea erabaki du.
Baztango Txaruta Pilota Elkarteak ere entrenamenduak eta Udaberriko Pilota Txapelketa «oraingoz» gibelatzea erabaki du koronabirusa tarteko. Eta Doneztebeko Erreka Kirol Elkarteko pilotako lantaldeak ere erabaki bera hartu du Josetxo Ezkurra Memorialarekin.