Sarako Leizeak, Zugarramurdiko Sorginen Kobak (Zugarramurdi), Urdazubiko leizeak, Arrikrutz-Oñatiko kobak, Ekainberrik, Isturitz-Oxozelhaya kobak, Mendukiloko kobak eta Pozalaguako kobak osatzen dute 2008an sortutako Lurpea elkartea. Helburu argia dute denek, lurpeko bisitariari seigarren kontinentea deskubritzeko aukera ematea, «hurbil izan arren hain ezezagun zaizkigun baliabide hauek ezagutzeko aukera eskainiz». Beste ekintza batzuen artean, taldeak www.lurpea.eus webgunea jarri zuen martxan eta bertan jaso daiteke kobazulo guztien informazioa.
Kobazuloen egunerako, aipatutako leizeek hainbat ekintza antolatu dituzte. Kobazuloen egunean sarrerek %50eko deskontua izanen dute eta Nafarroan dagoen Haitz-Etxea nekazalturismoan gau baterako egonaldia edota kobazulo parte-hartzaile guztietan sartzeko hamar bono eta zonaldeko produktuekin osatutako saski bat zozketatuko dituzte.
Eskualdeko kobetan martxoaren 15erako eskaintzak
Zugarramudiko Sorginen leizean bi bisita gidatu eskainiko dituzte: 12:00etan euskaraz eta 17:00etan gazteleraz. Bisita honetarako txartelak Sorginen Museoan salgai izanen dira (helduek bost euro eta sei eta hamabi urte bitarteko haurrek hiru euro) Aldez aurretik erreserbatzea aholkatzen dute, info@zugarramurdi.es helbidean.
Sarako kobako sarreretan 2x1 promozioa eginen dute. 00 33 559 54 21 88 telefonora deituta edo www.sarakolezeak.com webgunean eskura daiteke informazio gehiago.
Urdazubin bisita gidatuak eskainiko dituzte eta sarrerak erdi prezioan salduko dituzte. Gainera, bisitaren osagarri, magia ikuskizuna eskainiko dute 13:30ean Ikaburuko haitzuloetan. Erreserbatzeko 601 35 13 19 telefonora deitu edo trikuharry@gmail.com helbidera idatzi behar da.