M8 Emakumeen Nazioarteko Eguna 2020

Greba deialdirik gabe ere karrikak betetzeko prest

Ttipi-Ttapa 2020ko mar. 5a, 06:30

Karrikak morez jantziko dituzte bertze behin ere.

Igande honetan izanen den Emakumearen Nazioarteko Egunaren harira, hainbat ekintza eta mobilizazio antolatu dituzte eskualdean barna. Mugimendu feministak, bere aldetik, antolaketarako eta borrokarako deia egin du

2018ko eta 2019ko martxoaren 8ko grebek izandako erantzun arrakastatsua gogoan, aurten ere ez da etxean gelditzeko aitzakiarik izanen, udalek, gizarte zerbitzuek eta emakume taldeek hainbat ekitaldi eta mobilizazio prestatu baitituzte igande honetan izanen den Emakumearen Nazioarteko Egunaren bueltan.
 
Euskal Herriko Mugimendu Feminista kontent dago azken bi urteotako grebek «milaka emakumeren inplikazioa bultzatu dutelako». Aurten, ordea, ez du lanuzterako deialdirik egin, «eta gure aldetik ezintasun bat dagoela ikusarazi nahi izan dute batzuek». Baina horri erantzunez, «ozen eta argi» utzi dute ez daudela geldirik, «aitzinean» daudela eta emakumeen borrokak eta aldarrikapenek ez dutela etenik: «Borroka feminista beharrezkoa da, gaur duela urtebete bezala». 

Oraindik ere zer egina badagoela sinetsita daude: «jendarte eredu hau bizigaitza da pertsona gehienontzat, batez ere emakume eta genero disidenteontzat, eta jasanezina planetarentzat». Hala, «eredu neoliberalak baztertu» eta «emakumeen autoantolaketaren» eta «komunitate feminista konprometituta eta antifaxista eraikitzearen» aldeko mezua luzatu dute. Bide horretan, igandean, Antolatu indarrak, batu borroka feministara lelopean karrikara ateratzeko deia egin dute. 

 

Zer diote soldatarik gabeko lanetan ari direnek?

 

Mari Elen IRIGOIEN IRIGOIEN
(Erratzu, 1956)

«Ez gara bertze langileak bezala kontsideratuak»

«Nire adineko gehienak bezala, etxean gelditutakoa» dela dio. «Ezkondu nintzenetik etxeko lanetara eta nekazaritzara» dedikatutakoa da, zaintza lanetan ere aunitz egindakoa: «senarraren gurasoak, nire ama, lau umeak, anaia... zaintzea tokatu zait». Baina egin eta egiten duten guztiarekin etxeko lanetan aritzen diren emakumezkoen lana «etxetik kanpo ez dela aski baloratua» uste du: «instituzioen aldetik lotsagarria iruditzen zait ez garelako etxetik kanpo ari diren bertze langileak bezala kontsideratuak».

 

Samara TAZON DAVILA
(Sartaguda-Legasa, 1997)

«Guk egiten dugun lana ez da baloratua»

Duela lau urte, ama izan zenetik «etxeko lanetan, 4 eta 3 urteko alaben zaintzan, aitagi- narrebari laguntzen...» aritzen da. Kexu da «etxeko lanetan aritzen garenon lana ez delako guk nahi bezala baloratua: ez dugu deus kobratzen eta gutako aunitzek egiten duguna gabe ez genuke jatekoa garaiz edukiko, ez genuke arropa garbirik izanen eta horrela hainbat adibide». Gobernuko ordezkariei luzatu die mezua: «ez dugu ordainsaririk jasotzen eta euren aldetik gehiago baloratuak sentitzea gustatuko litzaiguke».

 

Engraxi URRIZA ZUBITUR
(Uitzi-Zubieta, 1934)

«Sakrifizio gehiago egiten genituen lehen»

«Etxe barreneko eta kanpoko lanetan, umeak zaintzen...» ordaindu gabeko lan asko egindakoa da. «Oraingo emakumez- koek baino sakrifizio gehiago egiten genuen eta bizitza zer den ikasi dugu». Noiz edo noiz «Iruñeko jatetxe batean edo inauterietan bazkaria prestatzen» aritu izan bada ere, harro dio orokorrean etxeko lanetara dedikatu dela. Hori bai, onartu digu lan horren truk «laguntza pixka bat» behar litzatekeela, baina mesfidati mintzo da politikariez: «laguntza eman baino lehen kendu egiten dute». 

 

Pili OTEIZA BIKONDOA
(Irurita-Elizondo, 1972)

«Batzuek ez dute gure lana aintzat hartzen»

«Senarra eta biok hala erabaki genuelako» gaur egun etxeko lanez arduratzen da, «11 eta 7 urteko haurrez eta etxeko martxaz». «Zorte oneko» sentitzen da «nire haurrekin egoteko aukera dudalako, nahiago dudalako nire haurren hazieraz ni neu arduratu, kanpoan lan eginda horretarako bertze norbait hartu eta irabazten dudan soldataren zati bat bertze bati eman baino». Baina argi utzi du egiten duten lana «aldika gogorra» izanda ere, «batzuen aldetik ez dela behar bezala aintzat hartua». 

 

Mª Jesus  BELARRA AROZAMENA
(Donamaria-Doneztebe, 1944)

«Etxean egiten dugun lana ez da ikusarazia»

«Betitik etxeko lanetan eta haurrak hazten» ibilia da eta ez du penarik etxetik kanpo aritu ez delako. Are gehiago, umeei hainbertze dedikatuta «kontent» dago «ume onak» dituelako. Halere, garbi du «egiten dugun lana ez dela ez ikusarazia, ezta baloratua ere; aunitzetan etxekoak ere ez dira konturatzen, dena egina harrapatzen baitute». Lan aunitz egina da baina sosik jaso gabe: «senarrak kobratzen duenarekin bizi naiz eta nire partea ere gustura jasoko nuke».

 

Lurdes OTXOTEKO TELLETXEA
(Lesaka-Arantza, 1957)

«Beti lan eta lan eta ikusten ez den lana»

«Ezkondu arte Lesakan haurrak zaintzen» aritu zen eta «21 urterekin baserrira ezkondu» zenetik hantxe aritu da lanean: «etxeko eta baserriko lanetan, haurrak zaintzen... Lehen baserrian lana izaten zenez, emaku- me aunitz ezkonduta etxean gelditzen ziren». Baina etxean egindako lana «ez dela batere baloratua» uste du, «beti lan eta lan eta ikusten ez den lana». Geroztik egoera «aunitz hobetu» dela dio, «orain emakumea bai lanera baita noranahi ere lasaiago ateratzen da». 

 

Tere ARRAIAGO BARBERIA
(Areso-Leitza, 1944)

«Emakumeen egoera onerako aldatu da»

«Ezkondu aurretik Berastegiko paper-fabrikan eta Donostiako hotel batean, eta ezkondu ondotik etxeko lanetan eta hiru seme-alabak hazten» ibilia da. «Beste lanik ez izanda etxeko lanetan gustura» aritu izan dela kontatu digu, eta «momentu hartan ez genuen pentsatzen egiten genuena baloratua zen edo ez». Baina «gaixotuta edo beste edozein arrazoirengatik egiten ez genuenean ingurukoek nabaritzen» zutela azaldu digu. Gaur egun, emakumeen egoera «onerako» aldatu dela dio.

 

Mari Jose ETXARRI BALDA
(Gaintza-Arano, 1953)

«Ekonomikoki ez dago batere baloratua»

Gaztea zela «izeba-osabekin supermerkatu batean eta bi urtez neskame» ibili zen eta 22 urterekin ezkondu zenetik etxea izan du lanbide. Urteotan «etxeko lanetan, lur-sailetan, baratzean, seme-alabak zaintzen, bilobak zaintzen, igande eta jaiegunetan herriko tabernan laguntzen... denetarik pixka bat» aritu eta aritzen dela dio.  Bere hitzetan, etxekoen aldetik bere lana «asko baloratua» da, baina azpimarratu duenez, «ekonomikoki ez dago batere baloratua».

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun