A-15ean Gipuzkoak AT bidesari sistema ezarri zuenetik N-121-A errepidetik kamioi gehiago dabil
Ibilgailu astunen trafikoa handia da Iruñea eta Behobia lotzen dituen errepidean. 2010az geroztik A-15 autobideko trafikoa N-121-Ara nabarmen aldatu dela erakusten dute datuek eta urtetik urtera aldea handitu egin da. Datuak deigarriak dira: A-15eko Gipuzkoako aldean 2018ko urtarrilean ordainsarietan aldaketak egin zituzten, eta ordutik 3,5 tonatik goitiko kamioi guztiek kanona ordaindu behar dute autobidetik igarotzeko. Hara non, 2018ko lehenbiziko hilabeteetan N-121-A errepideko ibilgailu astunen trafikoa A-15ekoa baino hiru aldiz handiagoa izan zen. Txostenaren arabera, 2019ko datuen faltan, 2018ko martxoaren 6an, Belateko tunelean datu historikoa bildu zen: guztira 3.877 kamioi pasatu ziren, ibilgailuen %43 kamioiak izan ziren. Batez bertze kamioi horien %70 nazioarteko garraioan dabiltzanak direla kalkulatua da, hau da, ez dira N-121-A errepidearen inguruko herrietatik abiatuak eta ez dituzte inguruko herriak helmuga.
2018ko urte hasieran Gipuzkoak 3,5 tonatik goitiko kamioi guztiak bidesaria ordaintzera derrigortu zituen eta bi hilabetera, martxoaren 6an, Belateko tunelean datu historikoa bildu zen: guztira 3.877 kamioi pasatu ziren, A-15 autobidean baino hiru aldiz gehiago.
Hildako kopuru altua
90eko hamarkadan, lehenbizi Bera eta Sunbillako tunelak eta beranduago (1997an) Belate eta Almandozko tunelak eraikiz hildako kopuru altua jaistea izan helburua. Hala ere, hamarkada horretan 90 lagun hil ziren, zazpi lagun urteko. 2000. urtean Sunbillako Larrakaitz eta Arrigazteluko tunelak eraiki zituzten, 2004an Oieregikoa eta 2009an Sunbilla eta Bera eta Bera eta Behobia arteko zatiak inauguratu zituzten. Geroztik beheiti egin du hildako kopuruak, baina ez espero bezala, 70 lagun hil dira, urteko bataz bertze sei biktima. Eta urtea ere ez da bide onetik hasi, eskualdeko hiru lagun hil baitira urtea hasi denetik.
HILDAKOAK URTEETAN | N-121-A errepidean | A-15 AUTOBIDEAN |
1995-2020 | 147 hildako | 47 hildako |
2005-2020 | 59 hildako | 21 hildako |
2010-2020 | 32 hildako | 7 hildako |
Europako garraio astuna bideratzeko 1995ean A-15 autobidea eraiki zuten.
Horregatik nazioarteko zama garraioan dabiltzan kamioiak autobidetik desbideratzea eskatzen duten aldarriak gero eta ozenagoak dira, hain zuzen, Europako garraio astuna bideratzeko 1995ean eraiki zuten A-15era desbideratzea eskatzen dute. Garraiolariek, ordea, ez dute begi onez ikusi proposamena, ANET eta TRADISNA garraiolarien elkarteen arabera, desbideratuz gero, sektoreari egunero 71.316 euroko gastua sortuko lioke –hemen ez dute bidesaririk ordaintzen, eta A-15ean bai– eta N-121-A errepidea autobide bihurtzeko eskatu dute.
Gisako kasuak
Halako desbideratze gehiago eginak dira: Kataluniako N-II, N-240 eta N-340 errepideetan eta Errioxako N-232 errepidean ibilgailu astunak paraleloak diren autobideetatik desbideratu izan dituzte, eta garraiolariei sortutako gainkostua ordaindua izan da.
- Kataluniako Automobil Klubak 2015ean egindako ikerketaren arabera, N-II errepideko kamioien trafikoa AP-7 autobidera desbideratuz, egoera onerako aldatu zen: 2008tik 2012ra urtean bataz bertze 15 hildako izan ziren, eta desbideraketa egin eta ondoko bi urteetan hiru hildako izan ziren, 1,5 hildako urtean. Ikerketa berean kamioiak autobideetatik desbideratuz gero, urtean 79 hildako eta 214 zauritu saihestuko liratekeela adierazi zuten.
KATALUNIAKO N-II ERREPIDEAN | 2008-2012 (kamioiak autobidetik desbideratu aitzinetik) | 2013-2015 (kamioiak autobidetik desbideratu ondotik) |
Hildakoak | 15 hildako urtean | 1,5 hildako urtean |
- Errioxako Trafiko Burutza Nagusiak egindako balantzearen arabera, ibilgailu astunen trafikoa N-232 errepidetik AP-68 autobidera derrigortu zutenetik hildako kopurua %92,9 jaitsi da eta istripu kopuruak ere nabarmen egin du beheiti N-232 errepidean. Tauletan kamioien trafikoa desbideratzeko neurria indarrean sartu aitzineko (2016/2017) eta ondoko (2017/2018) datuak ageri dira.
EZBEHARRAK ERRIOXAKO N-232 ERREPIDEAN |
2016/2017 (kamioiak autobidetik desbideratu aitzinetik) | 2017/2018 (kamioiak autobidetik desbideratu ondotik) |
Heriotza-istripuak | 10 | 1 |
Hildakoak | 14 | 1 |
Biktimak eragin dituzten istripuak | 53 | 30 |
Guztira biktimak | 106 | 46 |
EZBEHARRAK ERRIOXAKO AP-68 AUTOBIDEAN |
2016/2017 (kamioiak autobidetik desbideratu aitzinetik) | 2017/2018 (kamioiak autobidetik desbideratu ondotik) |
Istripu kopurua | 23 | 17 |
Hildakoak | 0 | 0 |
Larri zauritutakoak | 5 | 6 |
Arin zauritutakoak | 35 | 21 |