Urte hasiera beltza errepiderik ilunenean

G.PIKABEA 2020ko ots. 20a, 10:30
Nazioarteko garraioa desbideratzeko eskaria aspaldikoa da. Irudia 2018koa da.

Beltza da errepidea, albiste ilunen lekuko. Ez da ez oraingo kontua, ez uste kontua; datuak dira hori baieztatzen dutenak. Nafarroako errepide sare nagusian, Iruñea eta Behobia lotzen dituen N-121-A da istripu gehien izaten diren errepidea; batez bertze 125 istripu urtean.

Ezbeharren ondorioak ere okerrenak dira. 2010az geroztik 32 lagun hil dira 24 istriputan; azkena otsailaren 6an, 55 urteko Luis Andueza Agara aranztarra, Behobian. Sobera gibelera egin gabe urtarrilaren 11n Olaguen, Lesakan bizi zen eta Arantzarekin harreman estua zuen Mikel Manzano Altuna 21 urteko donostiarra eta Xabier Taberna Telletxea 19 urteko igantziarra zendu ziren eta azaroan Klara Iribarren Sukilbide eta Emili Azkarraga Iribarren, 78 eta 51 urteko Azpilkuetako ama-alabak Ostizen. Zerrenda luzea da. Joera, gainera, gero eta makurragoa da; azken urteotan hazi egin da istripu kopurua. 2010ean 123 istripu izan ziren, 2017an 140, 2018an 137 eta joan den urtean 154.  

Punturik arriskutsuenak
2010etik 2018ra arteko datuak kontuan hartuz, txostena egin du Foruzaingoak eta horren arabera, Ezkabako tunela eta Burutain lotzen dituen tartean eta Almandozko tunela eta Sunbilla arteko zatian izaten dira istripu gehien: 2010etik 2018ra, 283 eta 257 ezbehar izan ziren, hurrenez hurren.
Kilometroka, ordea, Berako harrobia eta Endarlatsa lotzen dituen 4,9 kilometroko zatia da punturik beltzena: 33 istripu zenbatu dituzte kilometro bakoitzeko. Horren gibeletik, Ezkabako tunelaren eta Burutaingo gasolindegiaren arteko 11,3 kilometroko zatia dago, kilometroko 25 istripurekin. 
Hildako gehien, berriz, Burutain eta Belateko tunelaren artean eta Almandozko tunela eta Sunbilla artean gertatutako istripuetan izan dira; 2010etik 2018ra 20 lagun hil dira, hamarna lagun zati bakoitzean.
Datu deigarri gehiago ere bildu dituzte txostenean: asteko egunen arabera, asteartea da istripu gehien izaten diren eguna eta hilabeteei erreparatuz, urtarrila.

Aspaldiko eskaria 
Aspaldikoa da N-121-A errepideari soluzioa emateko eskaria, inguruko udal ordezkariek eta herritarrek urteak daramatzate konponbide eske. Urte hauetan guztietan elkarretaratzeak, manifestazioak, prentsaurrekoak, bilkurak... egin dituzte. Alkateen arabera, arazoaren oinarrian N-121-Atik igarotzen den trafiko handiegia dago. 1997an Belateko eta Almandozko tunelak inauguratu zituztenetik, trafikoak nabarmen egin du goiti. Gaur egun, egunean, bana bertze 10.000 ibilgailu ibiltzen dira eta horietatik 2.500 bat kamioiak dira. Hori ikusita, nazioarteko zama garraioan dabiltzan ibilgailu astunak N-121-A errepidetik ateratzea eskatzen ari dira aspaldian. 
Urtea hasi denetik ere sarritan egin dute aukera horren alde, bai Parlamentuari baita Gobernuari ere idatziz zein aurrez aurre horixe eskatuz. Urtarrilaren 28an, erraterako, Nafarroako Parlamentuko Lurralde Kohesiorako Batzordean egindako lan-saioan, N-121-A errepidearen inguruko herrien izenean bortz alkatek parte hartu zuten, tartean, Juankar Unanua, Xanti Uterga eta Joseba Otondo Igantziko, Doneztebeko eta Baztango alkateek. Eskaera bakarra paratu zuten mahai gainean: «premiazkoa da nazioarteko zama garraioan dabiltzan kamioiak N-121-Atik ateratzea». Bi egunen buruan, Parlamentuak mozioa onartu zuen Gobernuari ibilgailu astunen zirkulazioa murrizteko edo mugatzeko neurriak eskatuz.

«Lanean segituko dugu, atea ez dago itxita»

Joseba OTONDO, Baztango alkatea

Gobernuaren jarrera
Unanuak «baikor» baloratu du «Parlamentuan gure arazoa azaltzeko aukera eduki eta Parlamentuak mozioa aitzinera atera izana». Baina ez du jarrera bera sumatzen Gobernuarengan: «Parlamentuko lan-saioaren egunean Gobernuko ordezkariekin bildu ginen, eta euren aldetik ez genuen gure eskaera aitzinera ateratzeko intentzio handirik ikusi». Bide beretik jo du Otondok: «hondar momentuan, gizarteak egindako presioaren edo Parlamentuan egindako agerraldiaren ondorioz, Gobernuak berak eskatutako bilkura izan zen, baina hartu nahi dituzten neurriak aurkezteko baino ez zen izan, deus bertzerik ez». 

Momentuko neurriak
Gobernuak «oraingoz» nazioarteko trafikoa desbideratzeko aukera baztertu du eta 2+1 motako errepide bihurtzeko aukerari eta berehalako bertze neurri batzuei heldu die: hiru erreiko zatietan aitzineratzeak noranzko bakarrera mugatzea (otsailaren 3tik indarrean), radar eta kontrol gehiago paratzea, bide-zorua berritzea, tuneletan argiztapena hobetzea, herritarrak sentsibilizatzeko kanpainak egitea... Horrez gain, Berako harrobiaren eta Endarlatsaren artean proiektu pilotu bat martxan paratu nahi dute. Kameren eta teknologia artifizialaren bidez, bidea denbora errealean behatu nahi dute eta gidarien jokamoldeak aztertu. Ezbehar-tasa murrizteko asmoz, bertze hainbat faktore ere aztertuko dituzte, hala nola, abiadura, ibilbidea, klimatologia...

Benetako soluzio bila
Gobernuak proposatutako neurri horiek, ordea, «ez dira aski» alkateen irudiko. Igantziko alkatearen ustez, «ez dira benetako soluzioak» eta Baztango alkatearen arabera, «neurri horiekin eskualdeko erabiltzaile guztiengan gelditzen da arreta eta ardura guztia. Egunero hor dabilenak betiko kamioi ilarak jasaten segitu beharko du eta gainera, hemendik aitzinera, hainbertze neurri murriztaile hartu beharko ditu kontuan». 
Gehiago ere kontatu du: «errepide horretan gertatzen diren istripuekin kamioiek ez dutela deus ikustekorik erraten dute, istripuak giza-faktoreengatik gertatzen direla. Baina kamioiek istripuetan eraginik ez badute Baztan-Bidasoko auto-gidariak Nafarroa guztiko txarrenak direla ondoriozta daiteke eta begi-bistakoa da hori ez dela horrela». Bere irudiko, «egunero hainbertze kamioirekin gurutzatzeak ezinegona sortzen du autoan dabilenarengan, nahasmendua eta autoa gidatzeko modu jakin bat. Hortaz, kamioiek istripuetan duten ondorioa modu objektiboan hartzen ahal da». 

Hiru erreieko zatietan aitzineratzeak noranzko bakarrera mugatu dituzte. Argazkia Doneztebeko IAT parean hartua da.

2+1 formula 
2+1 motako errepidea bihurtuz, noranzko bakoitzeko errei bana eginen dute, eta erdiko lerro gehigarri bat ibilgailuen arteko aitzineratzeak errazteko.  Bigarren errei hori noranzko batean edo bertzean tarteka txandakatuko dute.
Gobernuak bortz zatitan bereizi du 70 milioi euroko aurrekontua duen 2+1 proiektua eta lehenbizikoarekin –Ezkabako tunela eta Olabe arteko bortz kilometroko zatia– aurten hasiko da. Zatia udan esleitzeko asmoa du, lanak urte hondarrean hasteko. Olabetik Endarlatsara bitarteko bertze lau zatien proiektua idazten ari direla ere jakinarazi du. Horrekin batera, 70 kilometroko bidetik 35 kilometrotan 0,60 metroko altuera duen barrera metaliko bertikala paratuko du bi noranzkoak bereizteko.  
Lan gehiago ere aurreikusiak dituzte: 2025erako Belaten eta Almandozen noranzko bakarreko bi tunel eraikitzekoak dira –100.000 euroko aurrekontua izanen dute lanek–. Tunel bat Belaten eraikiko dute eta bertzea Almandozen, bakoitza bi erreirekin. Europako araudira egokitzeko hartuko dituzte neurriak, joan den apiriletik, arrisku handiko tunelak izendatuak baitira, aireztapen aldetik gabeziak dituztelako eta larrialdietako irteerarik ez dutelako. Belateko tunelak 3,6 puntuko arrisku maila omen du eta Almandozkoak 2,3koa; eta onartutakoa 1,5ekoa da.

«Gobernuaren neurriak ez dira nahikoak»

Juankar UNANUA, Igantziko alkatea

2+1 baino gehiago
Baina alkateek ez dute begi onez ikusten 2+1 formularen eraginkortasuna. «Ez da nahikoa», dio Unanuak: «errepidea moldatu zutenean, kamioi gehiago sartu ziren eta gaur egun, bidea hobea bada ere, hagitz arriskutsua izaten segitzen du». 
Otondok argi zehaztu ditu lehentasunak, «N-121-A errepidean planteatzen dituzten obra guztien artean, lehentasuna Sunbillako eta Berako puntu beltzek dute. Ez dakit zer konponduko den 2+1 formularekin, ez dirurik ote duten egiteko ala ez, baina guk eskualdetik argi ditugu eskaerak». 
Puntu beltz horiek «seguru bihurtzearekin» batera, nazioarteko zama garraioan dabiltzan ibilgailu astunen trafikoa desbideratzea da alkateen irudiko bidea: «trafiko hori egokiagoa den errepide batetik desbideratu behar da, kasu honetan, A-15 autobidetik», azaldu du Otondok eta Unanuak, berriz, «A-15 autobidea hor izanda N-121-Atik pasatzeak ez duela inongo zentzurik» azpimarratu du. «Gainera, aukerarik merkeena da», gehitu du. Nabarmendu nahi izan du «garraiolariak ez direla errudunak. Errepidea bera da holako garraio zama hartzeko prestatua ez dagoena. Ulertzen ditugu euren kexak, baina ezin dugu euren erosotasunagatik arrisku hau gure gain hartu. Ulertzekoa dela uste dut». 
Otondok oroitarazi duenez, «orain guti Errioxan, N-232 errepidean gisako neurria hartu dute. Estatuko Gobernuaren errege dekretu batekin, errepide horretatik nazioarteko zama garraioaren pasabidea galarazi dute autobidetik joatera behartuz». 

Alkateak gaiari segida emateko prest
Gobernuak oraingoz ezetz erran badu ere, hautetsiek ez dute geldirik egoteko asmorik. N-121-A errepidearen inguruko alkateak elkarlanean ari dira eta hasitako bideari eutsi nahi diote: «lanean segituko dugu, aitzindaritza hartzen saiatuko gara, lehentasunak markatu eta administrazioen eta herritarren aldetik ahalik eta babes handiena bilatzen». Aukera ez dagoela guztiz itxita dio Otondok, «Parlamentuak Gobernuari azterketa juridiko bat eskatu dio nazioarteko zama garraioan dabiltzan ibilgailuak desbideratzeko aukera aztertzeko eta alde horretatik bidea ez dagoela itxita ulertzen dugu». Unanuak ere «borrokan» segituko dutela berretsi du, «ez dugulako ezinezkoa den zerbait eskatzen».

Sinadura-bilketa abiatu dute

Nafarroako politikariei N-121-A errepideko istripuak murrizteko eskatuz, sinadura bilketa abiatu du Mikel Manzano Altunaren familiak. Epe laburrean kamioien trafikoa erdira murriztea eskatzen dute eta horretarako bi tuneletan obrak egin ziren garaian bezala, ibilgailu astunen trafikoa matrikularen arabera mugatzea egoki ikusten dute, argi baitute errepide hori ez dagoela nazioarteko garraioarentzako prestatua. «Mikel eta Xabier bezala hildako gehiago izan ez dadin», presioa egiteko eskatu diete Nafarroako herritarrei. Osoigo.com plataforma digitalaren bitartez eskaini daiteke babesa.

Eztabaida orokorragoa
Gaiak «eztabaida orokorragoa» behar duela uste du Joseba Otondok: «Europako Garraioaren Liburu Zuriak zama garraioa errepidetatik atera eta bertze komunikazio bideen bidez bulkatu behar dela dio. Austrian zama garraioaren %48a trenez egiten da, Alemanian %24a eta Nafarroan %1,4a. Hamarkadetan egin diren garraio politikek ez dituzte arazoak konpontzen, eta gainera, Europako ereduetatik urrun gaude».  Ekonomiari buruz «gogoeta» egiteko beharraz ere aritu da:«ze zentzu du Europako punta batetik bertzera merkantzia ibiltzeak? Horren onurak eta kalteak nork hartzen ditu?».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun