Etxetik Plazara aldizkariaren helburua bai irakurmena, bai idazmena, bai gramatika ahalik eta arin eta atseginen lantzen laguntzea izan da eta izanen da; betiere, tokiko euskalkien eta euskara batuaren arteko zubi-lana eginez. Era berean, irratsaioen helburua antzekoa izan da. Xede horiek betetzeko, hainbat ariketa planteatzen dira: irakurgaiak, bertsoak, kantak, berri bitxiak, errezetak, toponimia, ikasgaiak…
25 urte hauetan 164 ale argitaratu dituzte. 125. alea gauzatu zenean, Etxetik Plazara liburuaren bilduma ere argitaratu zuten. Bertzalde, irratsaioei dagokienez, aipatu behar da 600 emisio inguru burutu dituztela (saio bakoitza 30 minutukoa). Gaur egun, ordea, irratsaioaren edukia egokitu eta modernizatu nahian, parentesi txiki bat egin dute euskaltegiko kideek, podcast formatura pasatzeko pausoa emateko.
Ibilbide luze horretan, proiektuan lan talde aunitz aritu dira, eta bakoitzak bere ekarpen interesgarri eta aberatsa egin du. Eta ez hori bakarrik, aldizkariak kolore ezberdinak ere izan ditu: zuria, izokin kolorea, laranja, berdea eta orain duena, horia, alegia. Diseinuari dagokionez, aipatu behar da aldizkariak berezko estiloa lortu duela eta hori Joseba Larratxe marrazkilariari esker izan dela.
Duela 7 urte arte, aldizkaria Leitzaldea, Goizueta, Imotz Basaburua, Lekunberri, Ultzama, Anue… eskualdeetan banatzen zen. Hasierako urteetan Lapurdi eta Nafarroako Xareta eremura ere ailegatzen zen, eta ia 10.000 ale banatzen ziren. Gaur egun, aldiz, Baztan, Bertizarana, Bortziriak eta Malerrekan zabaltzen dira 4.500 ale, Ttipi-Ttapa aldizkariaren barnean. Baina sarean ere aurkitu daiteke Etxetik Plazara.
Etxetik Plazara egitasmoaren erronka, azken finean, izenak berak dioen gisan, euskara etxetik plazara eramatea da. Etxeko euskara harrotasunez plazara eraman, eskolara, udaletxera, jolas-parkera, banku-etxeetara, medikuarenera... mundura!