N-121-A errepidean ibilgailu astunen zirkulazioa murrizteko edo mugatzeko neurriak eskatu dizkio Parlamentuak Gobernuari

Ttipi-Ttapa 2020ko urt. 31a, 10:30

Segurtasuna areagotu eta istripu kopurua murrizteko «berehalako neurriak» eskatu ditu Nafarroako Parlamentuak. Osoko Bilkuran ebazpen bat onetsi zuten atzo, ortzeguna, PSN, Gero Bai, Ahal Dugu eta Ezkerraren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren abstentzioarekin. Greba deialdiarekin bat egin zuelakoz, EH Bilduk ez zuen Osoko Bilkuran parte hartu.

Geroa Bai talde parlamentarioak sustatutako ebazpenaren arabera, «trafikoaren dentsitateak, ibilgailu astunen kopuru handiak eta orografia zailak zaildu egiten dute zirkulazioa, eta gorabehera eta istripu aunitz eragiten dituzte, ondorio larriekin». Hala, «etengabe kexak» izaten direla oroitarazi dute. Bide beretik, errepide horretan egunero bataz bertze 9.500 ibilgaliutik goiti ibiltzen direla nabarmendu dute, eta tarte batzuetan %30 ingurukoa dela ibilgailu astunen portzentajea: «bataz bertze 2.800 kamioi dira 62,87 kilometroko errepidean ibiltzen direnak».

N-121-A errepidea 2+1 bihurtzeko asmoa du Nafarroako Gobernuak, baina hala ere, «istripu kopurua murrizteko neurriak lehenbailehen» hartu behar direla uste du Parlamentuak, «eta horrek erabiltzaileen segurtasuna bermatuko duten bertze alternatiba batzuk aztertzea eskatzen du».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun