Nazioarteko zama garraioan dabiltzan kamioiak N121A errepidetik ateratzea eskatu dute alkateek

Ttipi-Ttapa 2020ko urt. 31a, 19:00

Lan-saioan parte hartu duten alkateak: Juankar Unanua (Igantzi), Pedro Lezaun (Ezkabarte), Martin Pikabea Ultzama) eta Joseba Otondo (Baztan)

Nafarroako Parlamentuko Lurralde Kohesiorako Batzordean N121A errepidearen inguruko alkateen ordezkariekin lan-saioa egin dute gaur goizean. Eremu osoko herrien izenean lau alkate joan dira Batzordera eta eskaera bakarra jarri dute mahai gainean: «premiazkoa da nazioarteko zama garraioan dabiltzan kamioiak N121A errepidetik ateratzea».

Alkateek nazioarteko trafikoa desbideratzeko eskatu dute astearte honetan Nafarroako Parlamentuan. «Berehalako konponbidea behar dugu —diote ahobatez—, eta nazioarteko trafikoa ateratzea bertze irtenbiderik ez dugu ikusten».

Hala, Juankar Unanua Igantziko alkateak, Parlamentuan egindako lan saioan «N121A errepideak jasaten duen kamioi kopurua arrisku faktore bat» dela adierazi du, eta, horregatik, «arriskua minimizatzearen» alde egin du. Hori erdiesteko, «trafiko hori gure erkidegoko bertze bide batzuetatik desbideratzea beharrezkoa dela» azpimarratu du.

Joseba Otondo Baztango alkateak hainbat datu jarri ditu mahai gainean. «N121A errepidetik egunean 10.000 ibilgailu pasatzen dira eta horietatik 3.900 kamioiak dira egun batzuetan. Eta pasatzen diren kamioietatik %60 nazioarteko zama garraioan ari diren kamioiak» direla erran du, eta, funtsean, «eskualdea helburu ez duten kamioiak» direla azpimarratu du. Kamioi kopuru hori N121A erepidetik ateratzea posible dela ikusten du. «Errioxako errepide batekin antzeko neurri bat hartua du jada Espainiako Gobernuak Errege Dekretu baten bitartez». Eta gogora ekarri du «azkeneko 25 urteotan 195 pertsona hil» direla N121A errepideko trafiko istripuetan.

Pedro Lezaun Ezkabarteko alkateak eta Martin Pikabea Ultzamako alkateak ere bat egin dute eskaerarekin. «Hau sokorri dei bat da —adierazi dute— egoera hau estres handiz bizi duen inguru batean bizi garelako. Babesik gabe gaude, eta hainbertze kamioiren joan-etorrirako prest ez dagoen bide bat izatearen eragozpenak sufritzen ditugu egunero», gaineratu dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun