U30 Greba Orokorra

Greba orokorrerako prest da eskualdea

Ttipi-Ttapa 2020ko urt. 29a, 20:00
Lekarozko institutuko irakasle eta ikasle talde batek grebarekin bat egin du.

Ttipi-Ttapa eta Xorroxineko lantaldeek grebarekin bat egin dute eta grebari buruzko albisteak baino ez dituzte emanen

Horretarako zuen laguntza behar dugu eta mobilizazioetan ateratako argazkiak eta bideoak bidali info@ttipi.eus helbide elektronikora edo 744 48 43 61 telefono zenbakira (Whatsapp)

Lan, pentsio eta bizitza duina aldarrikatuz Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak deitutako grebarekin bat egin dute eskualdeko hainbat eragilek. Ikastetxeetan, erraterako, segida handia izanen du eta lantegi handienetan ere grebaren aldeko mozioak onartu dituzte. Udaletxe batzuk itxita egonen dira. 

Ikastetxeak

Eskualdeko ikastetxe gehienek bat egin dute greba deialdiarekin. Ttipi-Ttapari baieztatu diotenez, Arantzako, Lesakako Tantirumairu Ikastolako, Berako Labiaga Ikastolako, Sunbillako, Doneztebeko San Miguel eskolako, Legasako, Narbarteko, Oronoz-Mugairiko, Saldiasko, Erratzuko, Zigako, Amaiurko, Arraiozko, Leitzako Amazabal institutuko zein Erleta eskolako eta Aresoko eskolako irakasleek greba deialdiarekin bat egin dute eta derrigorrezko zerbitzu minimoak baino ez dituzte eskainiko.

Elizondoko San Francisco Jabier eta Berako Ricardo Baroja ikastetxeetan langileen erditsuek eginen dute greba eta Lesakako Irain eskolan %80ak bat egin du grebarekin. Bi kasuetan zerbitzu minimoak ezarriko dituzte eta Lesakatik adierazi dutenez, «eskola komarkala denez, garraioa izanen da eta jangela zerbitzua garraiatuentzat bakarrik».

Berako Toki Ona institutuan, DBH3tik goitiko ikasleen %97,89k baiezko botoa eman du eta grebarako eskubidea izanen dute. Zehazki errateko, botoa ematera deituak zeuden 370 ikasleetatik 325ek erran diote grebari baietz; ezezkoak lau izan dira eta zuriak hiru. Botazio egunean 38 ikasle falta zirela jakinarazi dute.

Elizondoko Lanbide Eskolan, ikasleen %87k greba egitearen aldeko botoa eman dute eta irakasleek ere greba eginen dute, nahiz eta lerro hauek idazterakoan zenbatekoa zehaztu gabea zuten.

Lekarozko institutuan, grebari babesa adieraziz, irakasle eta ikasle talde batek argazkia atera dute.

Udalak

Ttipi-Ttapak jakin duenez, Baztan, Bera, Arantza, Leitza, Donamaria, Oiz, Urroz eta Beintza-Labaiengo udalek bat egin dute grebarekin. Baztango eta Berako udalek greba egin ahal izateko erraztasunak eskainiko dizkiete udal langileei. Arantzatik adierazi dutenez, udaletxea itxita egonen da. Urdazubitik, berriz, zerbitzu minimoak eskainiko dituztela azaldu dute.

Lantegiak

Leitzako Torraspapel lantegian ekoizpena geldituko dute. Grebaren inguruko bozketan, langileen %85ak bat egin zuen deialdiarekin. Baztan-Bidasoaldean, berriz, langile batzordeak lantegi hauetan onartu ditu grebaren aldeko mozioak: Zalain Transformados, Lesakako eta Legasako Arcelor, Elizondoko Francisco Joakin Iriarte zahar etxea, Parklex (Lesaka), Palmadera (Bera), Berako San Jose zahar etxea, Caveo (Bera) eta Baztango Sagardiko edariak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun