Ez du ematen Nafarroako Gobernuak oraingoz bidea emanen dionik alkateek egindako eskaerari. Horren ordez, N121A errepidean segurtasuna hobetzeko bertze neurri batzuk hartuko dituztela jakinarazi diete Gobernuko agintariek alkateei. Neurri horien artean daude, N121A errepidea 2+1 bihurtu bitartean, hiru erreiko zatietan aurreratzeak noranzko bakarrera mugatzea, abiadura kontrolatzeko radar finkoak jartzea, poliziaren presentzia indartzea, arriskuaren kontzientzia hartzeko bide-segurtasuneko kanpainak egitea, errepidea kameren eta adimen artifizialaren bidez aztertzeko proiektu pilotua abian jartzea, seinaleztapen horizontala eta bide-zorua berritzea edota tuneletan argiak hobetzea.
Javier Remirez Nafarroako Gobernuko lehen lehendakariordeak eta Bernardo Ciriza Lurralde Kohesiorako kontseilariak, neurri horien berri eman diete gaur goizean Baztan, Bera, Ezkabarte, Lesaka, Doneztebe eta Igantziko Udaletako alkateei. Bilera horretan izan dira ere Amparo Lopez Barne zuzendari nagusia, Pedro Lopez Herri Lan eta Azpiegituretako zuzendari nagusia eta Berta Miranda Garraioetako zuzendari nagusia. Era berean, N121A errepidea hobetzeko bertzelako proposamenak jasotzeko eta aztertzeko erabat prest daudela azaldu diete alkateei, eta bi aldeek komunikaziorako eta lankidetzarako bideak irekita izateko konpromisoa hartu dute.