N121A errepideko «odolustearekin bukatzeko» baliabide guztiak jar ditzala exijitu diote Baztan-Bidasoaldeko udalek Nafarroako Gobernuari

Ttipi-Ttapa 2020ko urt. 14a, 14:00
Herritarren bizitzak bidean gelditzen ari direla eta, berehala neurriak har ditzala exijitu diote Baztan-Bidasoaldeko udalek Nafarroako Gobernuari.

Beraien iritzia ere kontuan har dezala eskatu diote

Bortziriak, Baztan eta Malerrekako udalek idatzi bat igorri diote Nafarroako Gobernuari eta irmoki exijitu diote «N121A errepidean bere esku dauden baliabide guztiak jar ditzala lehenbailehen odoluste honekin bukatzeko».

Baztan-Bidasoaldeko udalen idatziak dioenez, «berriz ere indargabe sentitzen gara errepide madarikatu honek eragindako enegarren tragediaren aitzinean. Ez dira bi hilabete pasa Azpilkuetako bi ama-alaben heriotzaren berri izan genuela, eta asteburu honetan berriro odola gatzatu zaigu N121A errepidean gertatutako trafiko istripuaren ondorioz Igantzi eta Donostiako bi gazte hauek bizia galdu dutela ikustean».

Ukitutako familiei, «bihozmin sakoneko» momentu hauetan beraien dolumin bizienak adierazi ondotik, «atsekabe, tristura, sinesgaiztasuna eta, zergatik ez erran, gaitzespena. Horiek denak dira egun hauetan atsekabetzen gaituzten sentimenduak».

Arrazoi horiengatik, Nafarroako Gobernuari irmoki exijitzen diote bere esku dauden baliabidek guziak jar ditzala lehenbailehen odoluste honekin bukatzeko. «Halaber, eskatzen diogu, mesedez, guri aditzeko eta gure iritzia kontuan hartzeko».

Idatzia bukatzeko, udal ordezkariek diote jabetzen direla errepide honek dituen zailtasunez, baina herritarrak bidean hiltzen ari dira: «Batzuek hiru errei aipatuko dituzte, bertzeek autobidea, bertze batzuk finantzaketa dute gogoan, edo ondorio ekonomikoak, baina inork ez dezala ahantzi politikara jolasten garen bitartean herritarrak bidean gelditzen ari zaizkigula».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun