Hauteskunde eguna izanen dute igande honetan eskualdeko zazpi herritan

Ttipi-Ttapa 2019ko aza. 15a, 15:00

Alde batetik, maiatzeko udal hauteskundeetara zerrendarik aurkeztu ez zen Malerrekako sei udalerritan eginen dituzte hauteskundeak: Elgorriagan, Eratsunen, Ezkurran, Iturenen, Oizen eta Urrozen. Bertzetik, kontzejuek ere aukera bera izanen dute. Legasa eta Narbarte izan ziren maiatzean hauteskunderik gabe gelditu zirenak. Bigarren deialdi honetan Legasan zerrenda aurkeztu dute; Narbarten, ordea, ez.

Talde bakarra aurkeztu da Malerrekako sei udalerrietan eta Legasako kontzejuan. Hortaz, ez da lehia handirik espero igande honetan. Iturenen, adibidez, erabakia da alkatea zein izanen den; ez, ordea, gainerako herrietan, zerrenda irekiak baitira. Kasu horietan, herritarrek hautagaiei eman beharko diete botoa.

Iturenen Jabier Bereau alkate

EH Bilduren zerrenda baino ez dute aurkeztu Iturenen, Jabier Bereau Mikelarena buru duena, eta hala, bera izanen da azken lau urteotan alkate izan den Mari Jose Bereau Baleztenaren lekukoa hartuko duena. Jabier Bereaurekin batera, bere gibeletik honela osatu dute taldea: Joxe Mari Alzuri Bertiz, Jone Altxu Juanikorena, Miren Ilarregi Belarra, Pello Ariztegi Etxepeteleku, Maria Larretxea Etxeberria eta Ainhoa Bereau Altxu.

Elgorriagan bederatzi laguneko lantaldea

Elgorritarrak taldearen izenean, Udalaren martxaz arduratzeko prest dagoen bederatzi laguneko taldea bildu dira Elgorriagan. Zerrendan doazen Jaione Irisarri Goienetxe, Xabier Irisarri Goienetxe, Iosu Irurueta Zinkunegi, Ane Otxandorena Juanena eta Eva Martin Ibarrarekin batera, Xuri Martin Ibarra, Abel Bastida Granado, Itziar Martin Ibarra eta Gorka Del Rio Lopez ordezkoek osatu dute taldea. Hautagaiak lehenbiziko bortzak badira ere, herri batzar edo asanblada moduan lan eginen dutela adierazi dute, eta Herriko Etxean denak ariko direla nabarmendu nahi izan dute.

Eratsunen Dagona

Izen eta aurpegi berriak elkartu dira Eratsunen igandeko hauteskundeetarako. Dagona taldearen barne, bortz lagunek emana dute izena eta horrenbertzez, horien artean aukeratu beharko dute herritarrek. Iñaki Estanga Mitxelena, Mari Jose Mitxelena Otegi, Olatz Bernal Goikoetxea, Ana Greño Salvatierra eta Miriam Miguel Antolinek osatu dute taldea. Horietako bat izanen da egun Eratsungo alkatea den Patxi Retegi Deskargaren ordezkoa.

Ezkurran esperientziadunak

Aitzineko aldietan Ezkurrako udal hauteskundeetara aurkeztu izan den Idoia taldearen izenean bildu dira aldi honetan ere Ezkurran, eta Herriko Etxean esperientzia dutenak eta aurpegi berriek osatu dute taldea: Jaione Zabalo Juantorena –gaur egun zinegotzia–, Peio Zestau Jauntorena –gaur egun zinegotzia–, Jose Mari Gogortza Jauregi –gaur egun zinegotzia–, Bautista Mariezkurrena Mariezkurrena eta Julian Gogorza Jauregi –azken hiru agintalditan alkatea–.

Oizen lau laguneko taldea

Oizen ere, ohi bezala, Alkartasuna taldearen izenean elkartu dira. Lau lagun bildu dira igandeko hauteskundeetarako: Rakel Ariztegi Ariztia, Ugutz Zelaieta Fernandez, Fidel Aristegi Anso eta gaur egun Oizko alkatea den Jaime Urroz Telletxea.

Urrozen gazteak nagusi

Urrozen, berriz, Herriko Taldearen izenean, bortz laguneko taldea bildu da. Unai Madariaga Iribarren, Imanol Juanena Aleman, Josu Zozaia Ubiria, Mikel Zozaia Ursuegi eta gaur egun zinegotzia den Patxi Urroz Telletxea dira hauteskundeetara aurkeztu direnak.

Legasako kontzejuan ere hauteskundeak

Oieregiko kontzejuan maiatzean egin zituzten hauteskundeak, eta orduan zerrendarik aurkeztu ez zen Legasan eta Narbarten bigarren aukera izan dute orain. Narbarten, ordea, ez da inor aurkeztu eta Legasan lau lagun elkartu dira: Jesus Mari Etxart Ansalas, Koro Ibarra Santxotena, Aintzane Martirena Hernandorena eta Asier Hernandorena Lizaso.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun